Esan bezala, ekimena txosna batzordean egindako hausnarketa luze baten emaitza da. Izan ere, iazko Larrabasterrako jaietan, (dakizuenez Sopelan egon zen egoeragatik bertako datuak ez lirateke errealak izango), 76.000 bat plastiko edalontzi erabili eta bota ziren (21.000 zurito, 35.000 kaña, 11.200 konbinatu eta 8.700 katxi) eta, gaur egun baso guzti hauek birziklagarriak badira ere, “txosnetan gauden Sopelako 14 elkarteok uste genuen beste urrats bat eman behar zela: zarama gutxiago sortzearena, nahiz eta birziklagarria izan”.
Edalontzien kopurua %90 jaitsiko da
Hortaz, eta aurten esperientzia piloto gisa abiatuko dutela, “berriz erabiltzeko 14.979 edalontzi bidez nahi ditugu ordezkatu bestela botako liratekeen 150.000 bat edalontzi arruntak”. Kopuru horretatik 11.475 basok 380 mililitro izango dituzte, zuritoak, kañak eta konbinatuak hartzeko erabiliko direnak, eta beste 3.504 katxiak izango dira.
Geroago Euskal Herrian egindako esperientzia ezberdinak ezagutu badituzte ere, beraien erreferentea Katalunia izan da. Bertan, “Bilboko Aste Nagusian ez bezala, edalontzi birziklagarriak baino ez dira erabiltzen txosnetan eta urteen poderioz jendeak normaltasunez hartu du ohitura hori”. Dena den, katalanek eduki ez dituzten hiru arazo aurkitu dituzte sopeloztarrek ekimena burutzeko: “lehenengoa, inguruan ez dugula lortu edalontzi horiek nork egin eta serigrafiatu eta hortaz, Kataluniatik inportatu behar izan ditugu basoak, horrek suposatzen dituen dependentzia, gastuak eta garraioari lotutako kutsadurarekin; gainera, ekimen autogestionatua denez (Katalunian erakundeek ordaintzen dituzte baso ekologikoak), Sopela eta Larrabasterrako txosnek 6.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izan dugu; azkenik, ez dugu inguruan topatu era ekologiko baten bidez eta osasunerako baldintza guztiak betez edalontzi horiek nork garbitu eta, hortaz, nahiago izan dugu edalontzi horiek jai ostean batu baino eroslearen eskuetan uztea eta Sopela eta Larrabasterran ez ezik inguruko eta urruneko jai guztietan erabiltzen animatzea. Horrela, eta ekimena posible egiteko, edalontziak salgai izango dira txosna guztietan 0,50 eurotan baso balioanitza eta euro batean katxia. Ez da bestelako edalontzirik emango txosnagune osoan. Dena den, eta esperientzia piloto hau ondo irtetekotan, gure asmoa da datorren urtean jendeak edalontzi horiek bueltatu ahal izatea eta dirua berreskuratzea”.