Michael Mieves, Espainiako Alderdiaren Legeari esker bada ere, Ezker Batua Berdeak-Aralar koalizioak Urdulizen lortutako zinegotzi bakarrak dimititu egin du alderdi federalistak jakinarazi duenez. Ezker Batuak pasa den uztailaren 28an zabaldutakoaren arabera, Mievesek ez dio karguari uko egin Eusko Abertzale Ekintzari legokiokeen ordezkaritza ahalbidetzeko, baizik eta Urdulizen lehenengoz eta Sopelan geroago "'lapurra izatea' leporatzen dioten mehatxuzko kartel iraingarriak agertu ostean". Era berean, Madrazoren alderdiak dio Michael Mieves "auzokideek aukeratu zutela pasa diren udal hauteskundeetan" eta salatu du kartel horietan zinegotzi ardura EAErentzat izatea aldarrikatzen dela. Era berean, nabarmendu dute Mieves "jazartua" ikusi duela bere burua, lagunena eta senideena eta hori dela eta uko egin diola zinegotzi ardurari. Koalizioko bi alderdiek Mievesi begirunea eta babesa agertzeaz gain, koalizioan zein desagertutako TAOren aurkako plataforman egindako lana goraipatu dute. Alderdiek ez dute oraingoz argitu Mieves ordezkatuko duten ala ez. Urdulizen, EAJk gehiengo osoa dauka 6 zinegotziekin, EAk 2 ditu eta PSE-EE, PP eta EB-B / Aralarrek bana. Azken bi horiek Espainiako Alderdien Legeari esker.