Erabilitako sukaldeko olioa biltzeko edukiontziak jarriko dituzte Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 22a, 23:58

Orain arte, Uribe Kostako Mankomunitateak bideratzen zuen etxeko olioaren bilketa Sopelan; Urgitxieta plazan eta udaletxearen aurrean egiten zen ordutegi zehatz batean. Urritik aurrera, lau edukiontzi berezi jarriko dira, beraz, sopeloztarrek edozein ordutan erabilitako sukaldeko olioa bota ahal izango dute horietan, udal iturriek jakinarazi dutenez. Edukiontzi berriak Gernika plazan, Loiola Ander Deuna kalean (50. zenbaki inguruan), Arabeta kalean (garajearen sarrera alboan) eta Sipiri kalean (Eurosuper supermerkatuaren inguruan) jarriko dituzte. Besteak beste, 900 litroko edukiera dute edukiontziek eta olioa horretarako prestatutako ontzi itxietan botako beharko da. Diseinu esklusiboa izango dute, beraz, erraz bereiziko dira, adierazi dutenez. Argazkian, Arrasaten orain urte bete pasatxo jarri zituzten etxeko olioa biltzeko edukiontzi bereziak, bertoko Udalaren eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren arteko lankidetzari esker.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun