Udondo gaztetxearen desalojoa eskatu dute "El Correo Español"en

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 19a, 20:54

"El Correo Español" egunkariak bere orrialdeak eskaini dizkio gaur Leioako ustezko auzokide batzuei, bertatik Leioako Udondo gaztetxearen "itxiera eta desalojoa" aldarrikatzeko. "Vecinos de Leioa se quejan por los ruidos del gaztetxe de Udondo" albistean, pertsona anonimo batzuk kexatzen dira "sei urtez daramatzagulako jasaten" gaztetxe horrek egiten ei dituen zaratak. "El Correo Español"ek hainbat auzokideen ustezko egoera ordezkatzeko baliatu dituen lekukotasun horien arabera, arazoaren muina asteburuetan egiten diren kontzertuak "ordubatetan edo ordubietaraino" luzatzea izango litzateke eta horrek gurasoengan eta seme-alabengan antza eratortzen dituen lo egiteko arazoak. Era berean, noizbait egin omen diren sardinada eta parrilladengatik ere, kexu agertu da auzokideren bat. Antza, auzokide batek salaketa jarri ei du Udaltzaingoan baina Leioako Udalak esan dio ezin duela hor eragin Gizarte Segurantzako jabegoa izateagatik. Egunkariak aipatzen du zer prozedura jarraituko beharko litzateke gaztetxea husteko.

Udondo gaztetxea sei urte baino gehiago daramatza kultur eskaintzak garatzen, Gizarte Segurantzak enpresa bati espropiatutako lokalean. Hain zuzen ere, Leioako Udalak Mendibiletik kanporatu eta gutxira. Gaztetxekoek kontzertuetarako 12etan jarrita daukate ordumuga, orain dela urte bat "El Mundo"ko langile den auzokide batek UKBERRI.NETi aitortu zion bezala: "ondoan bizi naiz eta ez naiz enteratzen ezta hor daudela ere ez, 12ak arte dituzte haien kontzertuak eta gero bere musika jartzen dute garagordoake ta porroak hartzen dituzten bitartean, inori kalte egin gabe". Bestalde, gaztetxeko asanbladak orain dela urteak erabaki zuen zentro okupatua begetariano egitea.

Gaztetxeak gaur baloratuko du "El Correo Español"ek ekarritakoa, astero egiten duen ohiko asanbladan. Horretaz gain, San Juan jaiei begirako ekimenak lotuko dituzte batzar horretan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun