Areetako Xake plazan izan diren kontzertu nagusietan, musika eskaintza anitza eta kalitatekoa izan da. Saio guztien artean The Chieftains talde irlandarrarena gailendu behar da, arrakastatsuena izan baitzen. Guztira, 9.000 bat pertsona egon ziren Areetako Xake plazan. Karpa bete zenez, horietako askok bideo-pantailez baliatu ziren kontzertua ikusteko. Ismaël Lôren saioan ere gauza bera gertatu zen, artista senegaldarrak 8.000 lagun erakarri zituen eta. Eliades Ochoaren musikak, berriz, 5.000 pertsona bildu zituen azken egunean. Azkenik, agertoki nagusiaren egitaraua Korrontziren kontzertuaz osatu da. Euskal taldeak bere azken laneko kantak grabatu zituen zuzenean eta 2.000 lagun egon ziren saioan.
Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, guztira, 5.000 bat lagun ekarri zituzten Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazara. Aurten Mexikoko Mariachi Imperial Aztecaren musikaz, Qui Hi Ha? talde katalanen fusio-erritmoez, Xabi Aburruzagaren trikitixa doinuez eta Asturiaseko Banda Gaites Llacinen tradiziozko musikaz gozatzeko aukera izan dute ikusleek. Azken talde horren saioa izan zen arrakastatsuena.
Azkenik, egun bakoitzeko eskaintzari amaiera ematen zioten Munduko Terrazako saioek 4.500 bat lagun ekarri dituzte Getxora. Bertan honako talde hauek jardun dira: Odaiko Percussion Group, Alann Bique eta Calima. Calima taldearena izan zen, hain zuzen ere, jende gehiago bildu zuen kontzertua.
Bestelakoak
Jaialdian ez dira haurrentzako jarduerak falta izan. Besteak beste, tailerrak, ludoteka bat eta ikuskizunak egon dira goizero. Bestalde, kaleko bandak Getxora etorri dira aurten ere; lau egunetan, kaleetan jardun dira atsedenik gabe eta, pasa den larunbatean, milaka lagun bildu zituzten Bizkaiko Zubiko plazan hasi zen desfile ikusgarrian. Azkenik, gune solidarioak Folk Getxo BBK jaialdiaren gune arrakastatsuenetariko bat bilakatu da. Munduko eskulangintzak, Bidezko Merkataritza eta hainbat gastronomia bildu dira bertan, besteak beste. Halaber, "Getxoko Udaleko Immigrazio Zerbitzuaren Kulturen Gunea eta zenbait elkartek eta GKEk antolatutako ekimen eta jarduerak ezinbestekoak izan dira aurtengo jaialdiaren arrakasta lortzeko", Getxoko Kultur Etxetik nabarmendu dutenez.