Asuako eskola zaharretan ontzigintzari buruzko museoa nahi du Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 22a, 20:55

Urteetan Asuako eskolak hartu eta egun utzita dagoen eraikina zaharberritu eta horri erabilera berria emateko eskatu du Erandioko PPk. Eskuin ibarreko udalerrian ontzitegintzak eduki duten garrantziari -Asuan bertan Euskalduna ontzitegiko instalazioen zati bat zegoen- erreparatuta, bertan industria mota horri buruzko museoa jartzeko aukerak aztertzeko erregua egin diote Udalari tokiko popularrek. Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramailearen hitzetan, "jakin badakigu Udalak ez duela baliabide nahikorik proiektua aurrera ateratzeko. Hala ere, bitarteko horiek udal erakundeetatik kanpo bilatzea euren ardura ere bada". Zinegotzi popularraren arabera, nahiz eta aurretik Asuako eskolei erabilera berria emateko hainbat aukera eskuetan izan, tokiko arduradunen zein udaletik haratagoko erakundeen "hutsikeriagatik" dago "alferrik galduta" eraikina. Argazkian, Martiartuko dorretxean ere museoa -banderizoen gerrateei buruzkoa- jarrita, udalerrian Turismoa sustatuko litzateke, PPkoen ustez / Aixerrota mendibizikletazaleen elkartea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun