Lendakaris Muertos, La Pulqueria, Ene Bada, talde lokalak eta ekitaldi herrikoiak eskainiko dituzte Sopelako txosnek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 27a, 21:29

Sopela eta Larrabasterrako txosna batzordeko kideek bihar hasiko diren San Pedro jaiei begira “adin guztientzako jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun, parekide eta ekologikoen bidetik egin dugu apustua” azaldu du gaur goizean David Bustamante "Zuku"k. Programazioa azaltzeaz gain, txosnaguneari eta Udalarekin izandako harremanei buruzko balorazioak ere egin ditu Bustamante txosna batzordeko bozeramaileak. Bihar txosnen irekierarekin hasiko dira iluntzeko 9etan, ondoren poteoa izango dela. 23:30ean Axut eta Lendakaris Muertos taldeek kontzertua eskainiko dute. Barikuan, berriz, arratsaldeko 6etan esku pilotako herri txapelketako finalerdia izango da eta gauean 23:30ean Ene Badak erromeriarekin piztuko du gaua txosnetan. Zapatuan, denetariko ekintzak izango dira, goizeko 11etatik hasita. Ordu horretan, udaletxe plazan III. liburu azokatxua jarriko da, bigarren eskuko liburuekin. 13:30ean berriz, esku pilota txapelketa bere amaierara helduko da frontoian burutuko den finala dela medio, ondoren plaza beltzan herri bazkaria eta herri kirolak egingo direla. Gauean Ras Reguilon eta La Pulkeria joko dute txosnetan. Domekan, jaiak bukatzeko artisau azoka egingo da txosnetan 5etan, ondoren sardinada, 8etan, eta karaokea, 9etan. Argazkian, Lendakaris Muertos taldea pasa den maiatzean Kukutzan emandako kontzertuan / Raul.

Txosnagunea

Dena prest dagoela jaiak hasteko, kritikarako astia ere hartu du Sopela eta Larrabasterrako txosna batzordeak: “argi eta garbi esan behar dugu iaz bezala Loroño ez dugula gustuko”. Haien ustez, Loroño “kokaleku eskasa” da txosnentzat, “leku arrotzean dagoena eta errepide baten itxiera dela medio arriskuak gutxitu diren arren, segurtasun aldetik ez da lekurik onena txosnak jartzeko”. Gainera, “Udaletik kontrakoa esan arren txikia da” aipatu dute: “horregatik, ez dezala jendea pentsa hemen egoteagatik leku hau gustuko dugun eta onartzeko prest gauden. Aurretik esan arren leku hau hainbat urteetarako izango zela, aurten kultura zinegotziak ziurtatu digu urte baterako probaldia izango dela eta gero baloratuko dugula. Horrek eta elkarteok zein auzokideok iaz bezalako jai gatazkatsuak nahi ez izateak egin gaitu etortzea, nahiz eta gauzak argi eta garbi esan behar ditugun”.

Udala

Baina txosnaguneaz gain, Udalarekin izandako tirabirak ere izan dituzte mintzagai txosnetako ordezkariek: “Sopelako herriari esan behar diogu iaz Jai Batzordea osatzeko Udala gonbidatu genuela eta hainbat hilabete lanean eman ondoren haiek jarritako baldintzek ezinezko egin zutela elkarlana. Aurten Udalak deitu gintuen Jai Batzordea osatzeko eta hainbat batzar izan ondoren erabaki genuen hortik at egotea, Imanol Garai alkateak batzordearen edozein erabakiaren inguruko beto aukera gorde nahi baitzuen. Espero dugu 2008an sopeloztarrek jai batorde herrikoi baten lanaz gozatu ahal izatea. Guk gure aldetik, gure eskuan dagoen guztia egingo dugu norabide horretan”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun