Uribe Kostako euskaldunek aurtengo irailaren 28a baino lehen jakingo dute lurreko uhinen bidezko tokiko telebista euskalduna izango dutenetz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak asteartean Turtziozen egindako gobernu bileran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 58 kanalen esleipenaren epemuga data horretara arte atzeratzea erabaki zuen, beste bi kanal Donostiako eta Ezkerraldeko udalentzat dagoeneko izango direla. Jaurlaritzak behar ziren baldintzak betetzen ez zituelakoan beste eskaera bat baztertu ondoren, Getxo izenpean Erandio eta Uribe Kostako lurraldea hartzen duen eremuko 4 kanaletarako sei eskaera daude: Bilbao Handia ikus-entzunezkoak SA (
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea eta
Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkartea), Canal Bizkaia, Canal Euskadi, Iniciativas de Comunicacion Social (Tele 7), Kiss Radio eta Telebilbao. Lehenengo enpresak baino ez du ziurtatu euskara hutsez jardungo duela. Gainera, Donostiak eta Barakaldo, Santurtzi eta Portugaletek egin ez bezala Getxoko Udalak ez du eskatu Kultura Sailak gorde zion kanala. Besteak beste, Durangaldean, Mungialdean eta Txorierrin, dagoeneko badakite tokiko telebista euskalduna izango dutela bertan Hamaika Taldeak eskaera bete duelako eta eskaintzen diren kanal beste eskaera edo gutxiago daudelako.