Bihartik astelehenera bitartean paratuko dute Areetan Milurteko Busa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 28a, 22:33

Milurteko Busa (argazkian / Getxo.net), Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako erakusketa ibiltaria, Areetako Xake plazan egongo da ostiral honetatik astelehenera bitartean, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) izango duen azken geralekuan. "Munduko biztanle eta herri guztientzako osasun eta garapen eskubideak aldarrikatzeko, Iparraldeko herrialdeetan gizarte zibila zein funtsezkoa den herritarrei ohartaraztea" du helburu nagusi ekimenak, antolatzaileek zehaztu dutenez. 2.300 ikasle inguruk eta 3.000 herritarrek bisitatu dute orain arte. Erakusketan bi karpa eta, hauen artean, autobus bat aurkituko dute bisitariek. Elementu hauek bidaia birtuala irudikatzen dute, 2015ean, “Milurteko autobusa. Azken geltokia: osasun unibertsala” ekimenaren irudizko ibilbidearen amaiera dela, osasun eskubidea mundu osora zabaltzeko eta milurtekoaren garapeneko helburuak lortzeko gizateriaren eginahala sinbolizatzeko. Erakusketaren ordutegia ondokoa izango da: 11:00-14:00 eta 17:00-20:30.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) izenpetutako konpromiso nagusiak dira ondoko hauek: muturreko pobrezia eta gosearekin amaitzea; lehen hezkuntza unibertsala lortzea; generoen arteko berdintasuna eta emakumearen autonomia sustatzea; umeen heriotzak gutxitzea; ameen osasuna hobetzea; HIESAri, helgaitzari eta beste gaitz batzuei aurre egitea; ingurumenaren iraunaraztea bermatzea eta Munduko Garapenerako Elkartea sortzea. Hain zuzen, horien garrantzia adierazi du gaur Imanol Landa Getxoko alkateak: ”NBEren esparruan 189 herrialdeek hartutako konpromisoa da, helburu argiak dituena eta, aurrera eramateko, herritar guzti guztien laguntza, babesa eta indarra behar du”, aipatu du. Julia Laborra Munduko Medikuen ordezkariak azaldu duenez, “erakusketa honen helburua herritarrei milurteko garapenaren inguruko konpromiso hauen berri ematea da, haien %70ak ez baititu ezagutzen. Horrela, aldarrikatu eta betearazteko parte hartu ahal izango dute”.

Erakusketaren euskarriak

Lehenengo karpak autobus geltoki bateko itxarongela dakar gogora eta, informazioa jasotzeaz gain, bisitatuko dutenek, berehala, “bidaiari birtual” bihurtuko dira. Autobusak gela multimedia bezala jardungo du, satelite bidezko komunikazioarekin, eta, Laborraren iritzian, erakusketaren gunerik originalena eta indartsuena da, “Hegoaldean bizi diren pertsonekin bizipenak elkartrukatzea ahalbidetzen duelako”. Bigarren karpa zerbitzugunea izango da, “geldiunea” egin eta ordura arte bidaian bizi izandakoaren, kanpo zorraren, oinarrizko sendagaiak lortzeko zailtasunaren, merkataritzaren arauen, etabarren ganean hausnarketa egiteko gune egokia. Espainiako hainbat leku zeharkatu ondoren, hiruhilabetekoan 800 kilometro inguru egin ditu EAEn barrena Milurteko Busak, eta 14 herri bisitatu ditu (maiatzean ere izan zen Getxo udalerrian, bertoko bi ikastetxetan).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun