Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, giza eskubideen babesarekin daukan konpromisoaren barruan, hainbat ekimenen bitartez egiten dio aurre biolentzia mota horri, besteak beste: koordinazioaren sustapena protokoloen sinaduraren bidez, baliabide materialen eta giza baliabideen egokitzapena, salaketa jarri nahi duten biktimentzako aholkularitzaren sustapena, biktimari laguntzeko zerbitzuen sorrera eta eragile juridikoen prestakuntza. Horren ildotik, Sailaren iritziz positiboa da epaitegi espezializatuak egotea; izan ere, horiek esker biktimek arreta espezializatuagoa jasotzen dute, eta epaileek informazio handiagoa dute erabaki egokiagoak hartzeko.
Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak EAEko emakumeen aurkako biolentziaren arloko epaitegiei buruz egindako azterlan baten arabera, honakoa aipatu dute:
- Delituen portzentaje handienak tratu txarrei (%52) eta mehatxuei (%21) dagokie.
- Salaketa jartzen denetik epaia bitarteko epea 11 egunekoa izan zen 2006. urtean biolentziaren arloko epaitegietan.
- Emakumearen aurkako biolentziaren arloko epaitegietan ematen diren epaien %73 kondenakoak dira, eta horien %77an akusatua ados egon da ezarritako zigorrarekin.
- Ezarritako zigor nagusien %40 espetxekoak izan dira, %34 gizartearen onurako lanak eta %23 erasotzailea etengabe aurkitua izateko moduan egotekoak.
Arazoa ez dago kontrolpean
Hala eta guztiz ere, eskainitako datuak ikusita, eta erakunde guztiak egiten ari diren ahaleginak gorabehera, “begien bistakoa da salaketa ez direla jaisten, haien bikotekideen esku hildako emakumeen kopurua igo egin dela, eta oraindik ez dugula ondo ezagutzen arazoaren benetako neurria zein den. Arazoa ez dago kontrolpean, ezta gutxiagorik ere” azpimarratu du De Miguelek. Hori dela-eta, Justizia Sailaren iritziz beharrezkoa da prebentzioa lantzea heziketaren, laguntza psikologikoaren, gizarte-laguntzaren eta aldez aurreko aholkularitza juridikoaren esparruetan. “Gizarte-balioen arloan lan egin behar dugu, emakumeen aurkako biolentzia sortzen duten jokabideak baztertzeko”, zehaztu du Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariak.
Horrez gain, erasotzailearekiko mendetasuna —psikologikoa zein ekonomikoa— hausteko ekintza guztiak sustatu behar dira. De Miguelen ustez, “denbora luzeegian hezi dira emakumeak familiaren euskarria izateko, baina ulertu behar dugu badaudela berez konpondu ezin diren eta esku-hartze traumatikoa —banantzea edo zigor arloko salaketa— eskatzen duten hainbat egoera; izan ere, esku-hartze hori larria izan arren, are eta larriagoak baitira tratu txarrak eta horien ondorioak”.
Zigor-arloko sistema ez da berez nahikoa fenomeno kriminal hori desagerrarazteko; izan ere, oso kasu larrien erdiak baino gehiagok justiziaren esku-hartzetik kanpo gelditzen jarraitzen baitute (bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri hori gertatu aurretik). Horren ildotik, Justizia Sailaren ustez ezinbestekoa da tratu txarrak nozitzen dituzten emakumeak konbentzitzea, “tratu txarretatik ateratzen laguntzeko erakundeek —baita sistema judizialak ere— eskaini diezazkieketen baliabideei buruz informatzeko, eta babesa lehen unetik bertatik eskatzeko; izan ere, konprobatuta baitago behin erasotzen duenak —zoritxarrez— berriro egingo duela”.