Arratsaldeko 6etatik aurrera San Pedro jaialdia ospatuko dute Gorlizko Iberre auzoan. Hasteko, Aratz dantza taldeak egingo du saioa eta, ordu bete beranduago, sardina jana eta mariachiak izango dituzte bertan bildutakoek. Azkenik, 21:00etatik 23:00etara bitartean, Juanchu El Charro igoko da agertokira. Bestalde, herritar guztiek jakin dezaten, Udalak aditzera eman du 2007ko herriko jaiari buruzko akordioa hartu duela, eta horren arabera, uztailaren 25ean, Santiago egunean, jai-eguna izango dela. Azkenik, dagoeneko erakusketa garaia abian da Gorlizen. Uztailaren 6ra bitartean, Endika Basaguren berangoztarraren artelanak (argi kutxak, instalazio bat eskulturekin, eta hainbat argazki, guzti hau hiri bateko ibilbide batean) egongo dira ikusgai Eloisa Artaza kaleko erakusketa gelan, arratsaldeko 7etatik 9ak arte. Arte Ederretan lizentziatutako gazte honek 1999 urtetik eman du erakusketa kolektiboak egiten eta 2002 urtetik banakako erakusketak. Argazkian, sardinen prestaketa /
Gorliz.net.