Bigarren KAE liga bihar hasiko da lehian Arkote, Getxo eta Raspas direla

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 29a, 21:45

Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) antolatutako ligaren bigarren ekitaldia larunbat honetan hasiko da eta Uribe Kosta eskualdeak hiru ordezkari izango ditu: Plentziako Arkote B (argazkian / Getxo.net), Areetako Raspas eta Getxo marka hartu duen Algorta arraun taldea. Hiruak maila berean izango dira, hau da, bigarren multzoan. Gauzak horrela, bigarren multzoko aurreneko estropada Orion jokatuko da, bihar, erlojuaren aurka. Lehenengo multzoko aurrenekoa, berriz, Rasillo de Cameroseko (Errioxa, Espainia) urtegian egingo da. Biak ala biak 17:00etan hasiko dira, eta lehen multzokoa ETB1ek emango du zuzenean. Bi multzoak batuta, 22 ontzi ariko dira lehian: 12 lehenengoan eta 10 bigarrenean.

Baliteke Astillerok ere estropada guztietan parte hartzea, gonbidatu gisa bada ere, Berriak zabaldu duenez. KAE Ligako epaile bakarrak Astillero gonbidatzea "proposatu" zion atzo elkarteko presidenteari. Hori erabaki du epaileak, klub horrek jarritako helegitea aztertu ondoren. Hori bai, orain, nola Astilleroren esku zein elkarteko presidentearen esku dago erabakia onartzea eta gonbidapena jasotzea. Dena dela, gonbidapena jasota ere, ez litzateke elkarteko kide izango. Etorkizunean, aldiz, ikusteke dago.

Lehen multzoan Donostia Arraun, Camargo, Getaria, Hondarribia, Isuntza, Santurtzi, Kaiku, Ondarroa, Pasai Donibane, Pontejos, Ur Kirolak eta Zierbena neurtuko dira. Berrikuntza nagusiak Pasai Donibane -iaz Traineru Kluben Elkarteko (TKE) Ligatik jaitsi zen-, Kaiku -Bigarren multzoan igoera lortu zuen- eta Ur Kirolak izango dira. Azken horrek taldea osatu ezinik ibili den Ciudad de Santanderren lekua hartu du. Bigarren multzoan, bestetik, Arkote, Busturialdea (Elantxobe), Castro, Colindres, Deusto, Getxo, Hernani, Hibaika, Portugalete eta Raspas lehiatuko dira. Iazko denboraldiarekin alderatuta Urola Kosta, Lutxana eta Ur Joko dira trainerurik ateratzen ez duten taldeak.

Estropadak

Lehen multzoan 14 estropada puntuagarri izango dituzte, 3 erlojuaren aurka, eta abuztuaren 15ean Bizkaiko herriren batean jokatuko duten proba bakarrik falta da erabakitzeko lekuari dagokionez. Bigarren multzoan 12 estropada izango dituzte, 3 erlojuaren kontra. Multzo arteko igoera estropadak irailaren 1ean eta 8an jokatuko dituzte Erandion, ibaian, eta zehazteke dago ea Cantabriako herriren batean, itsasoan, egingo duten.

Lehen multzoko bi traineru onenek, bestalde, Galiziako bi onenekin jokatuko duten aurrekanporaketa irailaren 15ean eta 16an iritsiko da. Eta, azkenik, horretatik irtetzen diren biek TKE ligako bi azken sailkatuekin irailaren 22an eta 23an neurtuko dituzte indarrak Bilbon eta Portugaleten (Areetako uretan). Horretaz gain, lehenengo multzoko beste lau estropada izango dira eskualdeko uretan, KAEk zehaztutako egutegiaren arabera: Plentzian, uztailaren 22an; Algortan, uztailaren 29an; Areetako hondartzan, abuztuaren 4an; eta itsasadarrean, abuztuaren 15ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun