Aurretik
Ezker abertzaleak eta Eguzki,
Ekologistak Martxan,
Talaia eta
Txipio Bai kolektibo ekologistek
egin bezala, gaur Ezker Batua eta Aralarreko kideek beraien ezetza eman diote
Iberdrolak Lemoizen ziklo konbinatuko zentrala jartzeko aukerari eta proiektua "apustu ekonomiko hutsa" dela salatu dute. Jose Ferrera (EB) eta Josu Murgia (Aralar) Bizkaiko Batzar Nagusietan koalizioak dituen ordezkariak ziklo konbinatuko zentrala egitearen aurka agertu dira gaur goizean. Haien ustez, Iberdrolak zentral nuklearraren hondakinak dauden ingurunean egin nahi duen proiektua "gutxi batzuei ekarriko dizkie onurak eta herritarren gehiengoari egingo dio kalte; batik bat, inguruan bizi direnei". Horren ordez, eta zentral nuklearraren lekuan zer egitea deliberatzeko, gizarte eztabaida piztearen alde azaldu dira EB eta Aralar.