Sopelan hasi eta Gorlizen etapa bat izango du aurten Bizkaiko Birak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 29a, 23:03

Datorren asteazkenean, uztailak 4, hasiko da Sopelan Bizkaiko Bira, txirrindularitza zale bizkaitarren festa nagusia. Aurtengo edizioak hemezortzi taldek osatuko dute eta hamalau mendate igo eta 549,7 kilometro igaro beharko dituzte Sopela eta Bilbo arteko ibilbidean, probak iraungo dituen bost egunetan. Lehenengo etapan (Sopela-Sopela, 131,7 kilometro), Sopelatik ez ezik, besteak beste, Urduliz, Gorliz, lemoiz, Erandio, Plentzia eta Barrikatik ere egingo dute lasterketa txirrindulariek, Unbe, Andraka eta Sarasolako mendateekin lana izango dutela. Barakaldo-Barakaldo egin ostean, uztailaren 6an Gorliz-Gorliz (146,5 kilometro) korrituko dute, Lemoiztik eta Erandiotik ere pasatuko direla lau mendate duen etapan. Mungia-Mungia (erlojuaren kontrakoa, 10,6 kilometro) eta Bilbo-Bilbo (145,7 kilometro) izango dira azken etapak. Azken ibilbide horretan, Erandio, Urduliz, Sopela, Berango, Algorta eta Areeta zeharkatuko du lasterketak. Argazkian, David Martin iazko txapelduna / Bizkaiko Bira.

Sopelako irteeran Euskal Herriko bederatzi talde eta beste horrenbeste talde kanpotarrak izango dira: Cafes Baque, Alfus-Tedes, Suminan-Klopad eta Seguros Bilbao (Bizkaia), Bidelan-Kirolgi eta Azpiru-Ugarte (Gipuzkoa), Caja Rural, Telco'm eta Lizarte (Nafarroa), Lokomotiv (Errusia), Spiuk-ECP eta Ditec-Costa Daurada (Katalunia), Wurth eta Saunier Duval (Kantabria), Soctec-Huevar de Alfaraje (Murtzia), Supermercados Froiz (Galizia), Team Vallonie Espoirs (Belgika) eta Andalucia-Caja Sur (Andaluzia).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun