"Ez dakit ezta non nagoen. Urduri-urduri nabil". Horrela azaltzen zuen atzo, besarkada eta musuen artean, Marian Perez del Riok barruan zeraman sentimendu-koktela azaltzeko: lagunak eta senarra espetxean, seme-alabak eta beste lagun asko bere alboan, mugitzeko askatasuna berriro ere...
Bere alabak, baina, eguneko ibilbide osoaren berri eman zuen, tartean Martuteneko presondegitik irteteko Marian izan zituen arazoak. Alde batetik, bertako makinek ez zituztelako bere hatz-aztarnak ezagutzen eta atea ez zelako irekitzen, funtzionarioen barregurarako; beste aldetik, espetxe zuzendaritzakoek mehatxatu egin zutelako espetxean algara handia egitekotan bere irteera atzeratuko zutela. Horregatik, kanpoaldean lagun eta senide gutxi batzuk izan ziren, eta aparkalekuraino itxaron zuten txanpaina ateratzeko.
Txetxu Fernandez
Orain, ama etxean dela, Txetxu Fernandez aitarengan pentsatzen du. Maiatzaren 12tik beharko zuen kalean, baldintzapeko askatasunean, baina 2010era arte itxaron beharko dute, Paroten doktrina aplikatzen ez badiote. Kasu horretan, 2022ra arte ez lukete kaleratuko.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere egunean salatu zuenez, Marian Perez del Rio "espetxe zigorra beteta" irten da kalera, "legediaren aplikazio zuzenaz lehenago ere irten behar bazuen ere. Bitartean Txetxu bere senarrak ez dauka oraindik irteteko datarik ere, Marian bezala kalean behar zuen arren". 1992ko maiatzaren 12an atxilotu zituzten biak, Barrikako euren etxean. Espetxeratu zituztenean hiru seme alaba txikiak utzi zituzten kalean, amamarekin bizi izan direnak. Carabanchel, Brieva, Langraitz eta Logroñoko espetxeetan izan ondoren Marian 1999ko irailean eraman zuten Martutenera. 2003ko hasieran kalera irten zen baldintzapeko askatasunean, baina fiskalak errekurritu egin zuen eta urte bat beranduago itzuli zen espetxera berriro.