Euskarazko komunikazioaren inguruko masterra eskainiko dute datorren ikasturtean Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 3a, 19:50

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak "Euskarazko komunikazioa eta hizkuntza gutxituak" izeneko master profesional ofiziala eskainiko du datorren ikasturtean Erandio eta Leioako campusean. Master horrek kontuan hartu ditu "Europatik datozen agindu berriak": matrikulatzen den ikasle orok 60 kreditu europar edo ECTS (European Credit Transfer System) gainditu beharko ditu (36 nahitaezko irakasgaietan banatuta eta gainerako 24ak hautatzeko hainbat moduluren artean). EHUko iturriek adierazi dutenez, ekimen hau "ez da hutsetik sortua", neurri handi batean, azken bost urteetan fakultate berak eskaini duen Euskal Herria XXI doktorego programaren segida baita. Izan ere, master profesional honek aurrera begiratu nahi duen proposamena da. Bestalde, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatuko dute Latinoamerikako ikasleek masterrak EHUn egin ditzaten laguntzeko, Kaixok zabaldu duenez.

"Teknologia berriek izugarrizko abiada hartu dute azkenaldi honetan. Maila guztietan sumatzen den fenomenoa da: lan-munduan, akademia giroetan, gizarte-harremanetan, baita kazetaritza munduan ere. Erronka berri horien aurrean profesional onak eta euskaldunak trebatzea ezinbestekoa da. Hori da helburu nagusia. Hori da programa honen jomuga", azaldu dute. Gaur egun, 700 kazetari euskaldun inguru dago lanean, eta azken hamarkadetan "dezente" egin den arren, "izugarri geratzen da oraindik ere egiteko". "Horregatik sortu da master hau, dauden indar-guneak sustatzeko eta sumatzen diren gabeziak estaltzeko, hain zuzen ere", gaineratu dute.

Elkarlana

Masteraren antolakuntzan eragile askok egin dute lan. EHUren baitan bost departamendu aritu dira elkarlanean: Kazetaritza eta Kazetaritza II, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea, Euskal Filologia eta Soziologia. Azken bost urteetan, beroriek ere lanean jardun dute aipatu doktorego programan. Horrezaz gain, master profesional horrek EHUtik kanpo ere aurkitu ditu begirune eta babesa. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, bere babes ekonomikoa emango dio Kultura Saileko Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren bitartez. Ikasturteko azken hilabeteetan --2008ko ekaina, uztaila, abuztua eta irailean-- master honetako ikasleek praktikak egiteko aukera izango dute. Zeregin horretan ondorengo enpresa eta erakunde hauen konpromisoa lortu dute antolatzaileek: EITB, Berria, Argia, Elhuyar, Topagunea, Aldaketa 16, UEU, EHU bera eta Eusko Ikaskuntza.

Eskaintza akademikoa 56 irakaslek bermatuko dute; 30 EHUkoak izango dira eta gainerako 26ak eremu desberdinetan aritzen diren profesionalak; euren esperientzia EHUn zabaltzeko prest dauden pertsonak, alegia. Eskainiko diren irakasgaiek era guztietako esparru eta gaiak landuko dituzte: euskararen komunikazio-eremua, kazetaritza hizkuntza gutxituetan, ziberkazetaritza, edizio digitala, hedabide elektronikoak, diseinu grafikoa, zientziaren dibulgazioa, pertsuasioa, zinema-kritika, komunikazioaren ikerkuntza edota bestelako komunikazioa, besteak beste.

Master honek bilatzen duen profila zabala da oso. Sarbide zuzena izango dute Kazetaritzan, Ikus-entzunezko Komunikazioan edota Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziatu diren ikasleek. Komunikazio-ikasketak egin ez dituzten beste lizentziatuek ere aukera izango dute berton matrikulatzeko. Horretarako, atari-proba bat gainditu beharko dute. Berton kazetagintzan aritzeko duten trebezia eta esperientzia baloratuko da.

Euskara ezinbestekoa

Kasu guztietan sarbidea lortzeko ezinbesteko baldintza izango da lizentziatura euskaraz eginda edukitzea edota, beste hizkuntzetan lizentziatu bada, EGA edo haren baliokide den beste titulu baten jabe izatea. Lizentziatu berriez gain, master hau lanean diharduten profesionalei ere begira dago. Beraiek ere badute berton tokia. Horregatik, eskolak arratsaldez emateko asmoa dute antolatzaileek. Une honetan, aurre-matrikula epea irekita dago eta uztailaren 13an amaitzen da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun