Romano (bateria), Sclavis (klarinetea) eta Texierren (kontrabaxua) musika-abentura 1990an hasi zen, Guy Maurette "Jazz souls les manguiers" egitasmoaren sortzaileak Afrikan frantses musikarien bira antolatzea erabaki zuenean. Hiru astez, erdialdeko Afrikako sei herrialdetan barrena aritu ziren, arrakasta handiz. 1995ean, birako oroitzapen onak berreskuratzearren, taldeak diskoa atera zuen, musikari bakoitzaren hainbat konposizio originalekin. Hiru urte geroago, esperientzia hori berriztatzea erabaki zuten, eta Afrikako ekialde eta hegoaldean zehar abiatu ziren. Taldearen musika herrialde desberdinetako giroz blaituta dago, musikarien lana etengabe bilakatzen ari dela eta kultur truketik elikatzen dela erakutsiz.
Voyage Quartet
Hirukote europarraz gain, Voyage Quartet taldea jardungo da, Juan Pablo Balcazar musikariaren azkeneko egitasmoa, hain zuzen ere. Proiektua 2005ean sortu zen, Bogota bere sorterria eta Bartzelona adopzio hiriaren arteko musika bidaia gauzatzeko eta horien isla diren bi errealitateak musika kontzeptu bakarrean uztartzeko.
Bestalde, Talde Lehiaketa abiatuko da Thinktank talde holandarraren eskutik. Laukote hori Hagako Erret Kontserbatorioan sortu zen, eta musika moldakor eta ausarta sortzeko helburua duten lau artista gazte biltzen ditu. Ardatz nagusia jazz tradizionala hartu eta soinu garaikideekin eta mendebaldeko herri musikarekin nahasten dute Thinktankeko kideek.
Jam saioak
Halaber, bederatzigarren urtez jarraian, aurten ere, Getxoko Jazzaldian jam saioak egingo dira, Algortako The Piper"s Irish Puben, Biotz Alai plazako kontzertuak bukatutakoan. Gauerdira aldera, publikoak jazz onenaz gozatzen jarraitu ahal izango du, giro apartan eta lasaian. Bost gauetan zehar, jazz zaleek jam session bikainez gozatzeko aukera izango dute. Saioetan oinarrizko talde bi izango dituzte, eta, horiei, egunero artista berriak gehituko zaizkie --batzuk, jaialdiko parte-hartzaileak--, eta erritmo guztiz desberdin eta orijinalak eskainiko dituzte.