Edalontzi ekologikoek harrera ona izan dute Sopelako San Pedro jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 3a, 21:27

Sopela eta Larrabasterrako txosna batzordeak edalontzi ekologikoek auzokideen artean izan duten harrera ona nabarmendu du San Pedro jaiei buruz egin duen balorazioan. Txosna batzordea osatzen duten elkarteek Larrabasterrako Karmenetan ezezik datorren urteko jaietan ere ekimena errepikatuko dutela ziurtatu dute. Era berean, balorazio ona egin dute jaiei buruz, batez ere jardueretan izandako partehartzeagatik eta egondako giro onagatik. Poztasun hori, baina, hainbat egoerak eta gertaerak ilundu dute: besteak beste, Loroñoko txosnagunearen txikitasuna, basoan izandako sute txiki bat eta hiru txosnetan egindako kalteak eta lapurreta. Bestalde, txosna batzordeak hamar bat egun barru egingo diren Larrabasterrako jaietan parte hartzera eta edalontzi ekologikoa eramatera deitu du. Argazkian, hainbat lagun txosna batean, ondoan edalontzi ekologikoak dituztela.

Txosna batzordeak jakinarazi duenaren arabera, "Sopelan 7.500 bat edalontzi erabiltzea espero genuen eta azkenean ia 11.000 erabili behar izan ditugu, 8.800 bat baso balioanitzak eta 2.050 bat katxi". Hori dela eta, Larrabasterrarako beste eskari berria eskatu beharko dute: "aurreikuspenetan ez genuen kontatu bildumazaleekin eta hauek eraman dituzte, gutxienez, koloreko bakoitzeko edalontzi bana", esan dute Betitxe Saitua eta David Bustamante "Zuku" txosna batzordeko bozeramaileek: "beste batzuk 30 bat basoz osatutako makilekin joan dira etxera. Baina lurrean oso plastiko gutxi gelditu da. Orain espero dezagun Larrabasterran eta beste jaietan erabil ditzaten eramandako baso horiek". Dena den, balorazioa oso positiboa da, iaz Larrabasterrako jaietan soilik 76.000 edalontzi erabili eta bota zirela kontuan hartuta. Orokorrean, edalontzi ekologikoei harrera ona egin diete, "batez ere txosnaz txosna ibiltzen direnen sopeloztarrek eta eskualdeko jendeak". Arazo bakarrak ostiralean eta larunbatean gertatu ziren, edalontziagatik ordaindu nahi ez zuen jendearekin eta edari bakoitzarekin edalontzi berria nahi zutenekin, nahiz eta gehiago ordaintzea inportatu ez. Kolore jakin batekoak ez baziren edalontziak nahi ez zituena ere egon da.

Datorren urtean edalontziak garbitu eta berriz erabiliko dituzte

Bestalde, asteburuan zehar, edalontziak berrerabili ahal izateko sistema baten bila, Txosna Batzordea Enkarterrietako Agenda 21eko arduradunekin izan da harremanetan eta hauek ostalaritzarako homologatuta dauden ontzi-garbigailuak erabiltzea gomendatu diote. Hortaz, eta Larrabasterrarako begira edalontziak berreskuratzeko gunea, txandak eta ontzi-garbigailuak antolatzeko aukera ez badago ere, datorren urtean horrela egingo dute.

Egitarauari dagokionez, txosna batzordeak azpimarratu du igandeko neska artisauen azokak izandako arrakasta. Loroño urrun egoteagatik, udaletxe plazan paratu zuten azkenean sei neska sopeloztarren azoka eta jende lepoz gainezka ibili ziren. Era berean, larunbateko herri bazkaria eta ondorengo herri kirolak positiboki baloratu zituzten, baita aste osoan esku pilota txapelketa herrikoian lortutako parte-hartze zabala eta emandako ikuskizuna.

Loroño

Txosnaguneari dagokionez, Txosna Batzordeak jaiak baino lehen esandakoak frogatu direlakoan dago: "esan genuen txikia zela, ez zela segurua eta leku arrotzean zegoela. Ostiralean eta larunbatean ez zegoen bertan mugitzerik dena beteta zegoelako eta jende asko joan zen inguruko basora edo ondoko urbanizazioaren lurretara eta hor arazoak izan dira pinu-kimuekin. Gainera, larunbat goizean, 12ak aldera, Munarri abesbatza, Kurene esku pilota elkartea eta Plaza Beltza elkartearen txosnetan sartu ziren. Lehenengo bietan kalte handiak egin zituzten toldoetan gero kanbioen dirua eta likore botilak lapurtzeko, eta atzean utzitako edandako 20 guitoengatik denboraz lasai ibili ziren". Dena den, ziurtatu dute txosna batzordeko kideek, "lapurrak harrapatuko ditugu eta ez zaie doan aterako".

Udal Gobernuari berriz, "argi eta garbi" esan nahi diote Loroño dagoeneko probatu dutela eta ez dutela bueltatu nahi: "probatzea eta baloratzea zen akordioa. Guk dagoeneko bete dugu hitza eta orain Udalari dagokio betetzea. Leku hori ez da egokia txosnagune duin bat izateko. Aurten kostata sartu gara eta txosna bat gehiago jartzekotan ezinezkoa litzateke hor sartzea". Horregatik, irailean hasiko dira kokagune alternatiboak bilatzen herrigunean. Suhiltzaileei, berriz, zorionak eman dizkiete txosnagune ondoko basoan piztutako sutea amatatzen egindako lan onagatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun