Gaur aurkeztu dute Getxoko udal gobernu talde berria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 4a, 20:52

"Lan taldea alkatearen figuraren gainean eta alderdi politikoekin eta herritarrekin akordioak lortzea eta elkarrizketak mantentzea" izango dira Getxoko Udaleko gobernu talde berriaren (argazkian) ezaugarri nagusiak, gaur goizean ofizialki adierazi dutenez. Gobernu taldea Imanol Landa alkateak eta EAJeko 9 zinegotzik osatuko dute (Alderdien Legea aplikatu ezean, Eusko Abertzale Ekintzari legokioke jelkideen hamargarren eserleku hori, baita PPren azkena ere). Udal agintari getxoztarrak esan du "oposizioko alderdiekin" harremanak izan dituztela eta berehala hainbat hitzarmen aurkeztuko dituztela. Landak nabarmendu duenez, “helburu batekin koordinatutako lan taldea, hau da, herritar getxoztarren babes handiena jaso duen gobernu taldea sustatzea eta garatzea dela asmoa".

"Hala ere, Getxo eta getxoztarren bizi kalitatea hobetzea lortzeko, gure programari uko egin gabe, akordioaren eta hitzarmenen alde lan egingo dugu, horrek gobernua eta oposizioa batu behar baikaitu”, gaineratu du alkateak. Horretarako, Landak esan du "udalbatzako alderdi politiko guztiekin" hitz egiteari garrantzia emango diotela, topaguneak lortzeko, lan egiteko era bezala eta horrela herritarren eskaerei eta beharrei erantzuna emateko, hitzarmenak lortze aldera.

Gainera, Landak azpimarratu du “udalerriko bizilagunekin, elkarteekin eta taldeekin etengabeko harremana mantentzeko elkarrizketa eta komunikazioa ezinbestekoak" izango direla eta, horretarako, "herritarren partaidetza bultzatzeko formulak" egokituko dituzte, "beraiekiko harreman zuzena baztertu gabe”. Gobernu Talde berriak zenbait erronka finkatu ditu, esate baterako, etxebizitzak edukitzea erraztea, gizarte-politikak, udalerriaren sustapen ekonomikoa, kultur eta gizarte azpiegiturak eta Getxoko hirigintz etorkizuna. Baina Landak programa aurrera eramateko ardatz nagusi bezala azpimarratu du “herritarren zerbitzurako lan egitea, baina baita herritarrekin batera ere". "Ez dugu nahi ikusteko eta kontatzeko Getxo izatea, herritarrek bere eraikitze eta garapen prozesuan parte hartzea baizik . Herritarrak gure politiketako konplizeak izatea nahi dugu”, azaldu du. Era berean, alkateak nabarmendu duenez, “gure udalerriaren etorkizunerako oso garrantzitsua den gazteen kolektiboaren beharrak eta eskaerak kontuan hartuko ditugu”.

Arloetako arduradunak

Tokiko Gobernu Batzarra aste honetan bildu da lehenengo aldiz eta arloak eta bere arduradunak honako hauek izango dira, udal iturriek zabaldutakoaren arabera:

- Keltse Eiguren: Ingurumenaren jasangarritasuna sustatzeko lan egingo du eta baita emakume eta gizonen arteko berdintasunerako politikak aurrera eramateko ere. Udaleko zerbitzu iuridikoez arduratuko da, bakea eta elkarbizitzaren aldeko ekimenez gain (Udalburutza Arloa: Zerbitzu Orokorra, Ingurumena, Agiritegia, Osasun Publikoa eta Aukera Berdintasuna).

- Joseba Arregi: Etxebizitza lortzea errezteko, irisgarritasuna, udalerriko egoera ona mantentzeko, biderigarritasuna eta Getxoko etorkizuneko hirigintz politikak eramango ditu aurrera (Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen Arloa).

- Begoña Ezkurra: Udalaren kudeaketaren kalitatearen aldeko apostua bultzatuko du, urrezko Qa lortzea helburu duena. Aldi berean, garapen bidean dauden herrialdeekin elkartasun politikez eta enplegu eta hezkuntzako politikez arduratuko da. (Udalburutza Arloa: Garapenerako Lankidetza Zerbitzua eta Kalitate Zerbitzua).

- Aitor Soloeta: Udalerriko Ekonomi Sustapeneko burua izango da, baita merkataritzako harremanetakoa ere. Begoña Ezkurrarekin batera, turismoa sustatuko du, baita Udala kudeatu ere. (Ogasun eta Ekonomia Sustapen Arloa).

- Elena Coria: Gizarte politiketako burua izango da eta udalerriko kolektibo behartsuenak artatzeaz ere arduratuko da (Gizarte Zerbitzua Arloa).

- Koldo Iturbe: kultur munduaz, euskara normalizatzearen aldeko apostuaz eta udalerriko gazteei zuzendutako politikez arduratuko da (Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloa).

- Kepa Miñambres: Udaletxeko langileen gestioaz da eta Udaltzaingoaz arduratuko da (Giza Baliabideak, Informazio Sistemak eta Udaltzaingoa Arloa).

- Josu Loroño: Herritarrekiko komunikazioko eta udal hedabideetako burua izango da (Komunikazioa, Hiritarren Arreta eta Babes Zibila).

- Alvaro Gonzalez: Herritarrentzako kirol gestioaz arduratuko da; baita udalerriko kirol taldeak sustatzeaz ere (Kirol Arloa).

Erakunde autonomoak

Erakunde autonomoei dagokienez, Begoña Ezkurra izango da Jesusen Bihotza Udal Egoitzaren arduraduna; Josu Loroño Andres Isasi Musika Eskolakoa; Aitor Gonzalez Getxo Kirolena; eta Elena Coria Getxoko Kultur Etxekoa. Bestalde, lau izango dira alkateordeak: Keltse Eiguren, Joseba Arregi, Elena Coria eta Koldo Iturbe.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun