Ikasle Abertzaleek zortzigarren urtez antolatzen duten Eskola Ibiltaria Galdames eta Santutxu artean burutuko da uztailaren 12 eta 14 bitartean. Euskal ikasleen erakundeak jakinarazi duenez, Enkarterriak, Mehatzaldea, Ezkerraldea eta Bilboaldea zeharkatuko dute ibilaldian. Horrek beta emango die Ezkerraldeko desindustrializazioa, Zugaztietako golfa, Santurtziko Abra superportua, Bilbo inguruko garraioetarako makroproiektuak edota Santutxuko jai herrikoiak ikusi eta hausnartzeko, "euskal ikasleriak nahi, behar eta aldarrikatzen duen eskola eredua praktikara eramaten". Era horretan, "egun inposatzen zaizkigun hezkuntza sistema arrotz eta atzerakoietatik urrundu" nahi dute. Hiru egunetan ikasle eta irakasle rolak aldi berean betez eta "euskaraz biziz, ingurunearekin harreman osoz, pedagogia eta didaktika metodo ezberdinak erabiliz" jardun nahi dute: "ezagutza hurbila bultzatuz eta balore askatzaileetan bizitzen dugu Eskola Ibiltaria". Izena emateko azken eguna uztailaren 10ean izango da eta egitaraua, oharrak eta matrikula-orria
hemen ikus daitezke. Argazkian, IAk Erandio eta Leioako campusean 2005ean egindako manifestazio bat.