Anjel Figueroa Txagorritxun ospitaleratu dute berriro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 11a, 19:19

Anjel Figueroa Algortako preso politikoa herenegun ospitaleratu zuten Txagorritxun, larunbat eta igande arteko gauean krisialdi sakon bat izan ondoren, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran jakinarazi duenez. "Egin zioten bisitan ezer ez zuela gogoratzen esan zien familiarrei, eta krisialdiaren ondorioz hartutako kolpe aztarna ugari zituen hanketan batez ere", nabarmendu du errepresioaren aurkako erakundeak. Pasa den astean antzeko beste krisialdi bi izan zituen. Medikuen arabera, joan zen urtean egindako ebakuntzaren ostean ez du bilakaera positiborik izan eta orain bere egoera aztertzen ari dira. Bestalde, maiatzaren 26an Figueroa konorte gabe utzi arte jipoitu dutela salatu zuen orain bost aste AAMk. Senideek ez dakite noiz arte izango den Txagorritxun.

Preso algortarra 2005eko abenduan ekarri zuten Langraitzera, ebakuntza egitera. 2006ko maiatzaren 9an ebakuntza egin zioten Gurutzetan. Harrez gero, zerbaitetan hobera egin duen arren, arazo mediku larriak ditu oraindik, tratamenduan segitzen du eta hainbat kontsulta egiteko ditu oraindik Gurutzetako ospitalean. Dena den, Figueroa pasa den apirilean eraman zuten Langraitzetik Kordobara. "Jasotzen ari den tratamenduari buruz esan behar dugu itxura guztien arabera espetxeko medikuek ez dakitela oso ondo berarekin zer egin: ez dute irizpide finkorik eta batetik bestera erabiltzen ari dira, gobernuaren erabaki politikoaren ondorioz hartu beharreko neurria hartu nahi gabe, hau da, espetxean horrela egon ezin dela eta kaleratzeko agindua eman nahi ez dutela", salatu du Amnisiaren Aldeko Mugimenduak.

Egoera oso larria

Figueroaren osasun egoera oso larria da. “Grand Mal” edo hobeto esanda “Seizure” (Epilepsia mota larria. Gaixoak epilepsia ataketan espasmoak izaten ditu eta kontzientzia galtzen du) gaitzaren aurkako tratamendua jaso zuen 1988tik 1990era Gurutzetako ospitalean. 1994an espetxera sartu zuten eta azken aldian epilepsia atake batzuk izan ditu espetxean. 2005eko martxoaren 16an Kordobako ospitaleko larrialdian ingresatu behar izan zuten horregatik eta abuztuaren 30ean espetxeko ospitalean. Horrezaz gain, azken aldian aldi bateko ausentziak izaten ditu, aldi horretan egiten duenaren kontzientzia galdu egiten duelarik. Horrelako ausentzia ugari izan ditu, beste presoak inguruan izan dituelarik, bisitetan familiarrekin izan delarik edo ziegan bakarrik izan delarik… Azken aldian aluzinazioak ere jasaten ditu eta memoria galera ere.

"Garbi dago egoera horretan ez duela espetxean jarraitzerik eta bere abokatuek 92. artikulua aplikatu eta kalera ateratzea eskatu zuten 2007ko apirilean", ohartarazi du AAMk. "Espainiako gobernuak gaixorik dauden preso politikoak ere txanpon gisa erabiltzen ari da bere helburu politikoak lortzeko. Dagoeneko 30 preso eta familiar/lagunak hil dira espetxe politika hiltzaile honen ondorioz. Anjel etxean behar dugu! Legearen arabera, eta bestela ere, preso gaixoak kalean behar dute orain! Presoen estatus politikoa orain! Konponbide politikoa behar dugu! Presoak etxean behar ditugu!", gaineratu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun