Getxoko udaltzainek motozikleta bat gidatzen ari zen Bilboko 32 urteko A.S.S. atxilotu zuten atzo goizaldean, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitu bat egitea leporatuta. Udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, baimendutako alkohol-tasa laukoztu zuen gizonak proba egiterakoan. Atxiloketa motozikletak auto baten kontra jo ondoren izan zen, horren ondorioz, motozikletako gidariarekin batera zihoan neska zaurituta atera eta DYAko anbulantzia batek Basurtuko erietxera eraman zuen, belaunetan eta lepoan kolpeak zituelako. Horretaz gain, Sondikako 48 urteko gidaria ere atxilotu zuen atzo goizaldean Getxoko Udaltzaingoak. Polizia iturrien arabera, Nissan markako autoa Algortako Arriluzeko moilatik argirik gabe eta alderoka zihoala ikusi ondoren, ibilgailua geldiarazi eta K.G.D.U inizialdun gidariari alkoholemia froga egin zioten: gidatzeko baimenduta dagoen tasa ia boskoiztu zuela egiaztatu zuten.