Tenisean goraino heltzeko aukera badu Andoni Vivanco algortarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 6a, 12:11

Duela 16 urte Bilbon jaio eta egun Algortan bizi da Andoni Vivanco (argazkian), baina dudarik gabe Barrikan eman ditu tenisean ordu gehien, Tomi Arias bere entrenatzaileak etxean duen pistan. Bost urtetatik dabil kirol horretan eta orain hasi da uzta jasotzen. Izan ere, joan den igandean Villenako (Valentzia) Equalite eskolara -Juan Carlos Ferreroren akademia- abiatu zen Vivanco eta bertan izango da uztailaren 31ra arte. "Aurre denboraldia egin eta gero, besteak beste, Bakio, Irun eta Santanderreko torneoak jokatzera bueltatuko naiz", azaldu du kirolari gazteak. Tomi Arias entrenatzaileak baieztatu duenez, "begi bistakoa da etorkizuna daukala tenisean, asko baitira bere atzetik dabiltzan eskolak". Equalite aukeratu zuten Antonio Martinez Cascales Ferreroren entrenatzailea Ariasen laguna izateaz gain, "baldintza ezin hobeak" eskaini zielako. "Aldaketa hau ondo etortzeaz gain, emaitza hobeagoak lortuko ditudalakoan nago", dio Vivancok.

Lortutako garaipenen artean, Vivanco Espainiako txapeldun izan da hainbatetan, banaka zein binaka. Igaz, Estatuko txapeldunorde izan zen kadete kategorian. Emaitza horiei esker, Bartzelonako akademia batean eman zion beka Espainiako Tenis Federazioak eta bertan egon da azken hiru urtetan bere maila hobetzen. "Gorenera heltzea dut buruan, gogo guztiak jartzen ari bainaiz tenisean", dio algortarrak. Hain zuzen, hasieratik antzeman zituen bere entrenatzaileak Vivancok dituen "ondo jokatzeko gogoak".

Arrakastaren giltzak

Tomi Ariasek azaldu duenez, Vivancoren entrenatzeko modua ez da izan ohikoa eta hortan datza kirolari gaztearen arrakasta: "Normalean, klub baten entrenatzeko modura moldatu behar izaten da jokalaria. Guk, ordea, jokalaria bageneukan; baina ez Andoniren errendimendua hobetu ahal izateko behar besteko azpiegitura". Bere aita-amen esfortzu ekonomikoari esker, entrenamenduak prestatzaile fisiko, sparring eta fisioterapeuta baten lanarekin uztartzeko aukera izan zuen Vivancok. "Tenisean oso zaila izaten da kanpoko laguntzarik jasotzea, gorenean ez bazaude behintzat: arriskatu gabe ibiltzen dira gehienek. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ez dago nabarmentzen diren tenislariei aurrera joaten laguntzeko akademia edo azpiegiturarik", adierazi du Ariasek. Gauzak horrela, Andoniri gertatu bezala, kanpora joan behar izaten dute jokalariek, batez ere Mediterraneo aldera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun