Imanol Landa alkateak "argi eta garbi" adierazi zuen "EAJ Alderdien Legearen aurka" dagoela Mariespe Fuertesi erantzuterako orduan. Are gehiago, ezker abertzaleari egotzi zion Eusko Legebiltzarrean horren aurkako proposamena "oztopatu" izana. Ekinbideak ekinbide, "konponbidean aurrera egiten hasi ahal izateko, eskubide guztiak guztientzat" erresoetatzea galdegin zion EAEri Landak.
Fuertesek irakurritako idatzia:
Maiatzaren 27an Udal Hauteskundeak izan ziren Hego Euskal Herrian. Getxon 7 hautes zerrenda aurkeztu ziren eta getxoztarrek bozkatu egin zuten. EAE-ANVko hautes zerrendak 3.247 pertsonen botoa jaso zuen, botoa eman zutenen %8a baino gehiago eta ohikoa den ordezkaritza banatzeko sistema erabiliz, 3.247 getxoztar hauei Getxoko Udal Batzarrean 2 ordezkari izatea dagokie.
Duela hiru aste, ekainaren 16an Udal Batzar berria osatzeko bilkura izan zenean, horixe esatera etorri ginen Josu Amezaga EAE-ANVko zerrendaburua eta biok, getxoztarrek bozkatu dutena errespetatu behar dela eta herri ordezkariak izateko ardura gure egiten dugula.
Herriaren aurrean eskatu zaigun ardura gure egitera etorri, baina Camara jauna mahaiburuaren aginduz eta bertan zaudeten guztion ixiltasunak eta konplizitatek lagunduta, indarrez kanporatuak izan ginen.
"Pertsona bat, boto bat" demokraziaren oinarrizko printzipioa hautsiz, Udal Batzar antidemokratikoa osatu duzue eta gaur poterearen pastel banaketa eta soldaten igoerak etorri dira.
Guk pastelik ez dugu nahi. Herriak agindu diguna da bete nahi duguna eta duintasun osoz aurrerantzean bete nahi duguna beste zinegotziok dituzuen baldintza berdinetan. Getxoztarrek aukeratutako EAE-ANVko bi ordezkariok geure lekua eduki behar dugu Getxoko Udal Batzarrean, eta badaude horretarako legeak ematen dituen aukerak. Lehenego pausua EAJko hautagai izandako Ines Trinkadok eman zuen, berari ez zegokion zinegotzi postuari uko eginez. Zorionak.
Tamalez EAJko zerrendako hurrengoak, Alvaro González Perézek hartu du EAEri dagokion zinegotzi postu bat eta PPko Jone Ruiz de Eguilaz Salazarrek bestea. Zuei eta zuen partidoei ez dagozkizuen zinegotzi postuak hartu dituzen bezala, gaur bertan utz ditzakezue libre, LOREG hauteskunde legearen 182.2 artikuluaren bitartez getxoztarrek bozkaturikoaren araberako Udal Batzarra osatu dadin. Demokraziarekiko konpromisoa erakutsi nahi baduzue, besterik ezin duzue egin.
Landa jauna, alkate gisa har ezazu dagokizun ardura, aintzat hartu eta errespeta ezazu EAE-ANVren udal ordezkaritza eta Getxoko Udal Batzarra ahalik eta lasterren demokratikoki osatu dadin, ezinbestekoak diren pausuak ematen hasi.