Udaltzaingoak 38 urteko getxoztar bat atxilotu zuen ostiralean Areetan osasun publikoaren kontrako delitua egitea leporatuta. A.M.T. inizialak dituen gizonezkoari haxix kilo erdia eta 26.000 euro baino gehiago atzeman zizkioten. Atxiloketa trafiko ohiko kontrol batean gertatu zen. Udaltzainek gidariari agiriak eskatu eta diru pila bat zeramala eta autotik marihuana usaina ateratzen zela konturatu ziren, udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera. Hori dela eta, ibilgailua arakatu, eta 400 gramo haxix, marihuana kululuz betetako poltsa, 14.000 euro baino gehiago eta estupefazienteak lantzeko eta hartzeko tresnak aurkitu zituzten. Ondoren, atxilotuak Areetan duen etxebizitza miatu zuten eta, Ertzaintzaren txakurren taldearen laguntzarekin, 100 gramo haxix, marihuana, droga alde batetik bestera eramateko gauzak eta beste 12.000 euro aurkitu zituzten. A.M.T. inizialdunak droga trafikoagatik polizia-aurrekariak ditu: Getxoko Udaltzaingoak 1993an eta 1994ean atxilotu zuen eta Espainiako Poliziak 2004ean.