Getxoko Udaltzaingoak G.M.Z. 38 urteko auzokidea atxilotu zuen igande goizaldean Algortan, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitua eta udaltzainei aurre egitea leporatuta. Udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, Euskal Herria kaletik Telletxen sartzen ari zen furgoneta era arraroan murriztutako abiaduran zihoala eta seinaleak ez zituela kontuan hartzen igarri zuten poliziek. Gidariari gelditzeko eskatu ondoren, udaltzainek edari alkoholikoen menpe zegoela ikusi zuten: ezin zen zutik mantendu eta ez zuen alkoholemia froga egin nahi izan. Horretaz gain, 25 urteko gazte erandioztarra atzeman zuen, igande arratsaldean, Getxoko Udaltzaingoak. Tokiko arduradunek adierazitakoaren arabera, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitua leporatu diote horri, debekatutako norabidean atzera joan, geldituta zegoen ibilgailu baten kontra talka egin eta ihes egiteagatik. Kaltetutako autoaren jabea poliziaren zain zegoela aipatutako gidaria berriro igaro zen toki horretatik. Lekukoei esker, udaltzainek harrapatu zuten gaztea eta edari alkoholikoen menpe zegoela egiaztatu zuten: baimendutako alkohol-maila laukoztu zuen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!