Bigarren eskuko liburuak egongo dira salgai bihartik aurrera Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 11a, 19:59

Getxoko Bigarren Eskuko Liburu Azoka ospatuko da bihartik larunbatera bitartean Algortako Biotz Alai plazan, bigarren urtez, Getxoko Liburutegi Zerbitzuak antolatuta. Hiru egunetan zehar, bisitariek hainbat gaitako liburuak erosteko aukera izango dute. Iazko edizioan gertatu zen bezala, liburuen salmentaren bidez bildutako dirua proiektu solidario batean erabiliko da. Aurten, Madagaskarreko lanbide-heziketako ikastetxe bat eraikitzera zuzenduko da, antolatzaileek adierazi dutenez. Liburu guztiek, norbanakoek liburutegiei emandakoak, prezio sinbolikoak izango dituzte, (euro batetik aurrera). Azokaren ordutegia ondokoa izango da: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Lehenengo egunean arratsaldean baino ez da irekiko eta sarrera doakoa izango da. Bestalde, dagoeneko Getxo udalerriko kaleetan dira Letren Terrazak.

Oraingo honetan, 25.000 bat liburu jarriko dira salgai Bigarren Eskuko Liburu Azokan, udal liburutegiei emandakoak. Horiek guztiak banan-banan aztertzen dira, liburutegien bildumari zeintzuk gehitu dakizkiokeen erabakitzeko. Udal liburu-bildumara pasatzen ez diren hainbat liburu interesgarriak gerta daitezke publikoarentzat eta, hori dela eta, udal liburutegiek saltzea erabaki zuten, Getxoko lau udal liburutegietako garbiketan baztertutako aleekin batera. Horrela sortu zen Bigarren Eskuko Liburu Azoka iaz. Aurreko ekitaldian 10.000 bat liburu saldu ziren bertan eta onarpen zabala izan zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun