Leioako Zientzia fakultateko dekano ohia izendatu dute Espainiako Katalisi Elkarteko presidente

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 18a, 20:31

Juan Ramon Gonzalez Velasco, EHUko Erandio eta Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna eta dekano ohia, izendatu dute Espainiako Katalisi Elkartearen (Secat) presidente. Secat katalisiaren (erreakzio kimikoen abiadura areagotzen duen prozesua) erabilpena eta ikerketa zientifikoki eta teknikoki garatzeko elkartea da, eta egun 300 bazkide baino gehiago ditu. Katalisiari buruzko ikerketa franko prozesu kimiko askotan ematen den kutsadura gutxitzeko edota desagertarazteko helburuak dituzte, prozesu errentagarriagoak eta ingurumenarekiko errespetagarriagoak izan daitezen. Gonzalez Velasco Ingeniaritza Kimikoaren katedraduna da, aurretik maila handiko ardurak izan dituela Euskal Herriko Unibertsitatean, besteak beste, 1991etik 1996ra Ikerketarako errektoreordea izan zen eta 2000 eta 2006 artean Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa. Bien artean, 1996tik 2000ra Katalisi Elkarteen Nazioarteko Elkargunearen (IACS) idazkaria izan zen. Horrez gain, 200 bat lan argitaratu du nazioarte mailan, urteak daramatza katalisian lan egiten eta, besteak beste, automobil-industriako prozesuetan kutsadura gutxitzeko. Burdinola 2000 saria jaso zuen eta EHUk zabaldu duenez, Zientzia eta Teknologia Fakultateak Zilarrezko Q eskuratzeko eginiko lana gidatu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun