Paellen osagaiak 10:30ak baino lehen eraman behar izango dira
Herri Babesaren aurrezaintza zerbitzu eta trafiko neurri bereziak ezarriko dira Aixerrotako Paella Lehiaketa ospatzeko.
Izan ere, lehiaketan parte hartuko duten 370 talde eta 4.000 bat lagunek materiala paellak egingo diren eremuan uzteko ahalik eta denbora laburrenean egin beharko dute. Hartara, lan hori 10:30ak arte egin ahal izango da, hortik gora ez baitzaie autoei jai-eremura sartzen utziko.
Udaltzainak egun osoan Aixerrotatik ibiliko dira
Bestaldetik, bai jai-gunean bai inguruetan ere udaltzainak izango dira jaiarekin bat egingo duten milaka herritarrei, hauek hala eskatuz gero, edozein gairen gaineko informazioa emateko. Getxoko DYA elkartea arduratuko da istripuren bat izan duten pertsonak artatzeko, eta horretarako lehen laguntzetarako etxola bat eta bi anbulantzia izango dituzte, guztiak bidegorriaren ondoan lekutuko dituztela, jai-eremuko sarrera-irteeraren aurrean eta atzealdean. Edozein ezbehar jaso edo larrialdirik izanez gero honako hau da Babes Zibilaren eta Udaltzaingoaren Larrialditarako telefono zenbakia: 944 660 202.
Trafiko neurriak
Udalak zirkulazioaren noranzko bakarra ipiniko du, eta ondorioz, jai-eremura Aingeruaren Etorbidetik eta Gustavo Adolfo Becquer kaletik sartu beharko da. Bertatik ateratzeko, berriz, Bosgarrena, Santa Marinako Haitza eta Maidagan kaleak hartu beharko dira. Gustavo Adolfo Becquer kaleko albo banatan aparkatu ahal izango da, bai baimendutako aldean baita lerro hori jarraitua margotua daukan aldean ere. Santa Marinako Haitza kalean Institutuaren inguruetan aparkatuko duten autoek bi noranzkoetako bidea irekita utzi beharko dute. Azkenik, pertsona ezinduentzako aparkalekuak atonduko dira jai-eremuaren inguruetan.