"Herri ezberdinen ohiturak ezagutzea ezinbestekoa dugu beren nortasuna ulertu ahal izateko.
Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdia ezezagunak zaizkigun musika, dantza, jantzi eta ohituretara hurbiltzeko aukera aparta da", azaldu dute
Itxartu dantza taldekoek. Gaurtik uztailaren 21ra, hiru gauetan, musika eta dantza beste horrenbeste ikuskizun eskainiko dizkiete ikusleei. Hiru lurralde desberdinetatik etorritako taldeak arituko dira aurten: Mexiko, Euskal Herria eta Txina, hain zuzen ere. Aurten, Colimako Unibertsitateko Ballet Folklorikoak emango dio hasiera gaur jaialdiari, Mexikoko Colimako estatuko dantza koloretsuak zabaltzeko asmotan. Biharamunean, Itxartu taldearen eta Euskal Herriko tradiziozko dantzen txanda izango da eta, azkenik, jaialdia amaitzeko, Txinako folklore ederra protagonista bilakatuko da, Qiandongnan Kantu eta Dantza Konpainiaren (argazkian /
Getxo.net) eskutik. Hiru saioak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 22:00etatik aurrera, sarrera doan.