2000. urteaz geroztik, geratu zaizkigun harresi-aztarnak berriztatzen dihardu Fernando Bazetak, Bizkaiko Campusaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Harresi horien egitura berezia da: oinarrian 4 eta 6 metro bitarte eta altueran 5 eta 6 metro bitarte dituen arima dute. Arima hori lurrez eta harriz osatua dago. Barruko lur horrek harrizko blokez eraikitako horma-atalak ditu alboetan, babesgarri. 2000. urtean lanak hasi zirenetik, berrogeita hamarren bat metro harresi berriztatu dira, ‘anastilosia’ edo ‘berriztatze analogiko arrazoitua’ prozedura jarraituz. Teknika hori jatorrizko zatiak zehatz-mehatz aztertzean datza, eraikinaren (kasu honetan, harresiaren) erritmoa, mugimendua eta egitura aurkitu eta ondoren, jatorrizko bloke hori erabiliz, itxuraz unitate bakarra osatuko duten egiturak errepikatzeko.
Taldeak berriztatu duen zatia sarrerari dagokio. Zati hori hala-hola bereizi daitekeen bakarrenetako bat da, eta berriztatzeko aukera handiak ematen ditu. Sarrera horrek hamar bat metro luzeko bi harresi paralelo zituen, eta erdiko pasillo estuak barrutian sartzeko balio zuen. Zehazki, kanpaina honetan pasilloaren barruko aldeak landu dira.