Larruazaleko minbiziaren arriskuaz ohartaraziko dute Sopelan eta Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 19a, 20:58

Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) Bizkaian duen Probintzia Batzordeko kideek eguzkipean egoteak ekar ditzakeen arriskuen berri emango dute Sopelako Arrietara eta Gorlizko hondartzetan, larruazaleko minbiziari aurrea hartzeko asmoz. "Kontuz, eguzkiarekin. Babes zaitez!" lelopean, 37 egunotan Bizkaiko 34 udalerri zeharkatzen ari dira, tartean Sopela, bihar goizeko 11etatik 15etara, eta Gorliz, hilaren 28an. Hondartza bakoitzean AECCko teknikoak eta horretarako prestatutako hainbat bolondresek galdetegi txiki batzuk banatuko dituzte jendeak eguzkiaz babesteko erabiltzen dituen teknikak ikertzeko. Era berean, duten babesa handitzeko aholkuak eta informazioa banatuko dute. Izan ere, AECCk bilatzen duen helburua eguzkipean era okerrean egotearen eta larruazaleko minbiziaren artean dagoen harremanaz kontzientziatzea da, norberak bere babes neurriak era eraginkorrean antolatzeko eta larruazaleko minbiziaren tasa epe luzean gutxitzeko. Garrantzia berezia emango diote haurdun eta gazteen taldeei.

Iazko datuak

Iaz Bizkaiko 30 udalerritan egindako ikerketan 1.879 emakume eta 542 gizonezko hartu zuten parte. Horiek emandako erantzunei esker, AECCk jakin du pertsona gehienek jakin badakitela eguzki erradiazioez babestu behar dela horren ezean osasunerako kalteak sor daitezkeelako. Haietako %39k onartzen zuen noizbait larruazalean arazoren bat izan duela eguzkiak eraginda, kasu gehienetan alergiaren bat.

Era berean, AECCk jakinarazi duenez, azken urteotan joan dira aldatzen eguzkia hartzeko ohiturak. Horrela, 2003an gehiengoak (%55) 12:00etatik 16:00etara doazen orduetan eguzkia hartzen bazuen ere, kopuru hori %47raino jaitsi egin zen 2006an. Babes neurriei dagokienez, eta jauzi txikia bada ere, 2004 eta 2006 artean hobetu egin da hondartza zaleen artean babesten direnen kopurua: eguzkirako babes faktorea erabiltzen dutena pasatu da %87tik %91ra eta, horretaz gain, beste babes sistemaren bat erabiltzen dutenen kopurua %61etik %64 igaro da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun