Laster hasiko dira 32 BOE altxatzen Iturribarri eta Konporten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 19a, 22:18

Algortako Iturribarriko udal lurzoruan, Fadura kiroldegitik hurbil, babes ofizialeko 16 etxebizitza eraikitzeko baimena eman du Getxoko Udalak. 2009ko apirilerako egon ahal izango direla aurreikusten dute. Horiekin batera, Konporte aldean beste 16 gehiago ere hasiko dira eraikitzen datorren irailean. Imanol Landa alkateak nabarmendu du baimena ematearekin "etxebizitzak altxatzea arindu" nahi dutela, era horretan, "gazteen eskaerei erantzuna eman ahal izateko”. Udal agintariak aurreratutakoaren arabera, Gazteria Arloaren bitartez, gobernu taldea kolektibo horri zuzendutako etxebizitzen alokairurako dirulaguntza zuzenak martxan jartzeko lan egiten ari da gaur egun. Argazkian, Santa Anako BOEen eraikuntza lanak, Areetan / Getxo.net.

Iturribarriko etxebizitzek 2 eta 3 logela edukiko dituzte. Pisuen azalera 70 eta 90 metro koadro artekoa izango da eta 103.993,12 eta 121.550,4 euro artean kostatuko dute, garajerik eta trastelekurik gabe. Gainera eguzki panelak ere izango dituzte, energia aurrezteko udal dekretua indarrean jarriz. Lanak egiteko epea 18 hilabetekoa izango da, Eusko Jaurlaritzaren behin behineko kalifikazioaren ondoren. Horregatik Udalak uste du etxebizitzak 2009ko apirilean eman ahal izango dituztela. Epe horretan Udalak babes ofizialeko etxebizitzak banatzeko ezarritako irizpideen araberako zozketa egingo dute, ezinduentzako, guraso bakarreko familientzako, 35 urtetik behekoentzako eta gainontzekoentzako kupoekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun