Jaki ekologikoek hartuko dute Algortako San Nikolas plaza larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 19a, 22:30

Algortako San Nikolas plazan Nekazaritza Ekologikoaren eta Energia Berriztagarrien II. Azoka egingo dute larunbat honetan, uztailak 21. Getxoko Udalak antolatu du ekimena, bigarren urtez segidan, Ekolur izeneko Nekazaritza Ekologikoaren Elkartearen bitartez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eudelek eta BBK-k babestuta dago, beste erakunde batzuen artean. Feria 10:00etatik 15:00etara zabalduko dute, eta bertan bioelikadurari (gai ekologikoak, besteak beste, barazkiak, gaztak, ardoa eta lore ekologikoak), bioeraikuntzari eta energia berriztagarriei buruzko 56 etxola izango dira. Azokara hurbiltzen direnek larrua lantzeko, eta taloa eta gazta ekologikoa egiteko tailerretan parte hartzeko aukera ere izango dute, eta baita gai ekologikoek dituzten abantailen ganeko informazioa eskuratzeko ere. Horrez gain, Bizkaian energia berriztagarrien eta garapen jasangarriaren arloan lan egiten duten enpresak ezagutzera emateko asmoz, azokan bioeraikuntzari lotutako proiektuak gauzatzeko, eta energia berriztagarriekin lantzeko dauden materialak ere erakutsiko dituzte.

Imanol Landa alkateak “garapen jasangarriaren aldeko udal politiken, kontsumitzeko kultura berriaren, ingurugiroarekiko errespetuaren eta herritarren sentsibilizazioaren barruan” kokatu du ekimena. Carmen San Martin Ekolur elkartearen presidente ordeak, bere aldetik, adierazi du azoka honek gai ekologikoak herritarrengana hurbilarazteko balio izango duela; izan ere, herritarrek baserritik zuzenean ekarritako materialak, produktu freskuak, ardoa eta kosmetikari lotutako gaiak ere ikusi ahal izango dituzte bisitariek Algortan, energia alternatibo eta berriztagarriekin batera. Horrez gain, tailerrrak eta umeentzako antzerkia ere izango dira. San Martinek azaldu duenez, “gai ekologikoa ezagutarazi nahi dugu, hau da, produktu kimikorik erabiltzen ez duena (ura aurrezteko), eta ingurugiroa errespetatzen duena, lurra kutsatzen ez duen neurrian".

Azokak BBKren babesa dauka; izan ere, erakunde honek uste du hau bezalako ekimenek baserriko produktuak hirira hurbiltzeko balio dutela, eta horiek merkatuan jartzeak garapen jasangarria ere laguntzen duela. Horrez gain, horrela “nekazaritzaren mundutik produktu osasuntsuagoen kontsumoa bultzatzeko, eta era jasangarriago batean lan egiteko atzeman diren ahalegin handiak sustatzen ere laguntzen du BBK-k”, Manu Gomez BBKren Gizartekintza Sustatzeko Zuzendariak azaldu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun