Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Ertzaintzak tentsio uneak sortu ditu Itzubaltzetako Koadrilen Arteko I. Herri Kirol Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 21a, 15:00

Erromoron koadrila nagusitu zen atzo Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan Itzubaltzeta gaztetxeak antolatutako Koadrilen Arteko I. Herri Kirol Txapelketan baina, beste koadrilek bezala, giro narrasean jolastu behar izan zuen. Udaltzainak hasieran eta kale istiluen aurkako Ertzaintzaren talde kaputxadun bat ondoren, nabaria izan zen presio poliziala gazte eta ikusleengan. Gazteek ez zituzten, baina, koadrilen arteko dema gelditu eta ez zeukaten "plaza hartzeko baimena" emateari zein haien buruak identifikatzeari uko egin zioten behin eta berriro. Tentsio uneak goia jo zuenean gizon batek bere burua identifikatu zuen. Baina, ertzainek jende gehiago identifikatzea eskatu zuten, eta pilota jaurtigailua eskuan zuena prestatzen zen bitartean. Orduan, Itzubaltzeta gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, "umeak eta jende nagusia tartean egonda", gazteek herritarrei galdetu zieten zer nahiago zuten: jolasak bertan behera uztea ala jarraitzeko animoak eman. Erantzunez, gazte, guraso, ume zein aitite-amonek txalo zaparrada izugarriari ekin zioten eta ertzainak etorritako lekutik joan ziren. Gazte Asanbladako kideen ustez, atzo Udalak egindako "probokazioa" izan nahi zuen, baina "barregarri gelditzea" lortu zuen. Era berean, "hitzez gazteriaren aldekoa zen Landaren diskurtsoa ekintzez Zarraoaren bide beretik doala" frogatzera dator haien ustez. Argazkian, ertzain bat artxiboko irudi batean.

Hitzordua arratsaldeko 5etan jarria zuten herriko bederatzi koadrilek eta gaztetxeak berak, lagun arteko herri kirol norgehiagokari ekiteko. Ordu hori ailegatu baino hamar minutu gutxiago bost udaltzain bertaratu ziren auto eta motorren argiak eta sirenak piztuta, ekitaldia gauzatzeko baimena eskatuz. Gaztetxeko ohiturari jarraituz, baimena ez zegoen eta horrela esan zuten prestaketa lanetan zeuden gazteek. Orduan norbaiten identifikazioa eskatu zuten eta gazteek ezetz, arduradunik ez zegoela, hori Itzubaltzetako Gazte Asanblada ez bazen. Hamar minutu iraun zuen aferak eta bitartean bere lekua hartu zuten 50 partehartzaileek eta 50 bat pertsonak, ikuskizunari so.

Zazpi probetatik lau normaltasunez egin ziren

Txapelketa hasita, lokotsak, txingak, laztoa eta harri jasotze probak lasai asko egin zituzten hamar taldeek, gehienak mistoak. Baina 18:45ak aldera, ingudearen proban norgehiagoka aritzen zirela, kalez jantzitako hiru ertzain agertu ziren gazteen artean. Gaztetxekoek ironikoki hainbat edari eskaini zizkieten eta jendeari iragarri zioten "Harrelson-en gizonak" dagoeneko plazan zeudela eta lasaitasuna mantentzeko. Orduan bi polizia auto sartu ziren plazan eta lau ertzain jaitsi ziren, kale istiluen aurkakoak, haietako bi kaputxa jarrita eta beste bat pilota jaurtigailuz hornituta. Bitartean, kalez-jantzitako poliziek guztien aurrean eskularru erreglamentarioak jantzi zituzten.

Ertzainek, Getxoko Udaltzaingoaren partez norbait identifikatzera zetozela argitu eta "gurekin ez datorren udal tramite administratiboa" baino ez zela baloratu zuten. Hainbat ezezko eta eztabaiden ostean eta tentsioa gora zihoala, pilota jaurtigailua zuen ertzaina paratu zen deman jarraitzen zuten gazteen atzean eta herri kirolen materiala alokatu zuen enpresako langileak bere burua identifikatu zuen, baina bera ez zela arduraduna argi utziz.

Ehunaka herritarrek sostengatutako ekitaldia

Alabaina, ertzainek horrekin nahikoa ez zela esan eta beste norbait identifikatu behar zela zeritzoten, jokalekuaren erdi-erdian jartzen ziren bitartean. Orduan, plazan "umeak eta jende nagusia" zegoela ikusita, gaztetxekoek "Polizia oldartzekotan triskantza izan zitekeelako guk geuk erabakia ezin genuen hartu" eta herri kontsulta azkarra planteatu zieten enparantzan zeuden gazte, guraso, gazte, heldu, nagusi eta umeei: "traba egiten dugula uste eta gu joatea gura baduzue esan, baina uste baduzue jende armatuak zelatatuta dagoen eta ezer txarrik egiten ez dugun gazteak garela, koadrilen arteko komunikazioa eta harremanak bultzatzen ari garela eta kultur alternatibak eskaintzen ari garela, egin txalo eta herri kirolekin jarraituko dugu". Gurasoek, umeek, gazteek, aitite eta amonek txalo zaparrada izugarria eman zieten erantzunez. "Erabat unkigarria izan zen" gaztetxeko kideen arabera. Hori ikusita, zazpi ertzainek alde egin zuten eta gazteek adrenalina herri kiroletara bideratu zuten orduan. Lagun arteko sailkapenean, Erromoron koadrila nagusitu zen, ostean berdinduta Ez Esan Inori eta Lanbroa sailkatu zirela, Itzubaltzeta gaztetxea beraren aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun