Etengabek zabaldutakoaren arabera, gaur goizean espetxeko medikuari eman dio asteburuan gertatutakoaren berri baina "azken horren jarrera ikusita gose eta egarri grebari ekitea erabaki du, beste irtenbiderik eskaintzen ez diotela iritzita".
AAM ezkor agertu da Anjel Figueroaren egoerari buruz: "ikusteke dago orain bere osasun egoera larria kontuan izanda gose eta egarri grebak ze ondorio ekar diezaiokeen, baina benetan oso egoera kezkagarrian dagoela esan dezakegu".
Figueroaren osasun egoera
Figueroa 2005eko abenduan ekarri zuten Langraitzera, ebakuntza egitera. 2006ko maiatzaren 9an ebakuntza egin zioten Gurutzetan.
Egun, Anjelen osasun egoera oso larria da: “Grand Mal” edo, hobeto esanda, “Seizure” (Epilepsia mota larria. Gaixoak epilepsia ataketan espasmoak izaten ditu eta kontzientzia galtzen du) gaitzaren aurkako tratamendua jaso zuen 1988tik 1990era Gurutzetako Ospitalean. 1994. urtean espetxera sartu zuten eta azken aldian epilepsia krisi batzuk izan ditu espetxean. 2005eko martxoaren 16an Kordobako ospitaleko larrialdian ingresatu behar izan zuten horregatik eta abuztuaren 30ean espetxeko ospitalean. Horrezaz gain, aldi bateko ausentziak izaten ditu, aldi horretan egiten duenaren kontzientzia galdu egiten duelarik. Horrelako ausentzia ugari izan ditu, beste presoak inguruan izan dituelarik, bisitetan familiarrekin izan delarik edo ziegan bakarrik izan delarik… Azken aldian aluzinazioak ere jasaten ditu eta memoria galera ere.
Ekainetik hona, krisialdi larri ugari izan ditu, hiru aldiz ingresatu behar izan dute ospitalean eta espetxean ere beste bi kidekin dago ziega barruan. Hil honetan ere Txagorritxun ingresatuta egon da, eta 16an itzuli zuten espetxera.
Tratamendu medikua auzian
Hori guztiori kontuan hartuta, AAMk salatu du "garbi dagoela egoera horretan ez duela espetxean jarraitzerik" eta gogoratu du Figueroaren abokatuek 92. artikulua aplikatu eta kalera ateratzea 2007ko apirilean eskatu zutela. Era berean, AAMk auzian jarri zu Figueroa jasotzen ari den tratamendua, "itxura guztien arabera espetxeko medikuek ez dakitelako oso ondo berarekin zer egin: ez dute irizpide finkorik eta batetik bestera erabiltzen ari dira, gobernuaren erabaki politikoaren ondorioz hartu beharreko neurria hartu nahi gabe, hau da, espetxean horrela egon ezin dela eta kaleratzeko agindua eman nahi ez dutela".
Dena den, errepresioaren aurkako erakundeak gogoratu du egoera hori ez duela Figueroak soilik pairatzen, "Espainiako Gobernuak gaixorik dauden preso politikoak ere txanpon gisa erabiltzen ari da bere helburu politikoak lortzeko", eta gogoan hartu ditu "30 preso eta familiar/lagunak hil direla espetxe politika hiltzaile honen ondorioz". Horregatik, Anjel Figueroa eta preso gaixo guztien etxeratzea, presoen estatus politikoa onartzea eta konponbide politikoa eta amnistia aldarrikatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.