Pako Gallaga Eusko Abertzale Ekintzako militante historikoa eta Etxerateko partaidea abuztuaren 2an hil zen gaixotasun luze baten ostean. Jabi bere semea larunbatean Kordobako espetxetik atera zuten aita ikusi ahal izateko, "baina ezin izango zuen aita bizirik ikusi", tamaldu du errepresioaren aurkako mugimenduak. Hileta elizkizunak hurrengo egunean, arratsaldeko 8etan, egin ziren Algortako Erredentore elizan. Ertzainek Jabi Gallaga ordu bete lehenago ekarri eta sakristian sartu zuten. "Ingurua kalez jantzitako poliziez josita egon zen eta Brigada Higikorreko hiru furgoi inguratu zuten eliza, metrailetaz armatuta. Eliza barruan ere Jabi ertzainez inguratuta egon zen eta ez zuten ama baino beregana hurbiltzen utzi. Elizkizunak amaitzerakoan familiarrekin izan zen une labur batez, baina halako batean ertzainek egonaldia amaitutzat eman eta eraman egin zuten", Etengaben azaldu dutenez.
Espainaratzea
Azkenik, Lexuri Gallastegi berangoztarra atzo, abuztuak 9, eraman zuten Madrilera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko. Frantzian espetxe zigorra betetzen ari da, eta epaiketa amaitu ostean berriro bertara eramango bide dute. Bitartean, Gallastegirekin batera atxilotu zuten Manex Zubiaga Frantzian jarraitzen du, "akusazio eta espetxe zigor berberak dituzten arren", jakinarazi du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak