Astrabuduako San Lorentzotan ere "faxismoaren kontra" ekiteko deia zabaltzen dabil Sare Antifaxista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abu. 9a, 20:23

Besteak beste, Leioa, Sopela, Larrabasterra, Berango, Algorta eta Itzubaltzeta / Romon egin bezala, kanpaina abiatu du Astrabuduako San Lorentzo jaietan Sare Antifaxistak. "Atzo eta gaurko faxismoaren kontra!" lelopean, 1936an gertatutakoa gogora ekartzea du helburu ekimenak, "faxismoaren aurkako gerra izan zenetik 70 urte bete direla". Horrekin batera, garai horretako "mehatsua bere horretan" dirauela salatu nahi dute. Sare Antifaxistako kideen hitzetan ez dira gutxi izan, Uribe Kosta eskualdean, 2006tik gertatutako "eraso faxistak": igazko abuztuan, Batallon Vasco Españolek sinatutako pintaketak agertu ziren Urdulizen, Askatasunak "Gara"n salatu bezala; Sopela, Berango, Algorta eta Astrabuduan ere pintaketak azaldu ziren. "Ez dira gertaera isolatuak. Batez ere Internet bidez antolatzen ari dira eta dagoeneko elkar ezagutzen dute tokikoek eta kanpokoek. Mailak gaindituz joaten dira, gainera: pintaketak egitea izaten da lehenengo pausua; agresioak ondoren; eta gero...", azaldu dute kide antifaxistek. Dagoeneko, urtarrilean, hainbat ezezagunek Itzubaltzeta gaztetxeko fatxadan esekita zeuden bi pankarta erre izana salatu zuen bertoko gazte asanbladak. "Gaztetxe osoa sua hartu ez zuenean...", salatu du Sare Antifaxistak. Argazkian, Astrabuduako Egoki herriko tabernan jarri du materiala salgai San Lorentzo jaietan Sare Antifaxistak.

Orain pare bat hilabete, Erandion hasi eta Txorierri osoa sprayarekin "markatu" zuten faxistek, Larrabetzuraino. "Uztailaren 31an bertan ospatu zen Gazte Egunean oraindik irakur zitekeen 'España' hitza herrirako sarrerako errotuluan", diote Sare Antifaxistako kideek. Uribe Kosta eskualdetik hurbil, Mungian eta Uribarrin (Bilbo) jazo dira gertaerarik larrienak: tokiko herriko tabernetan sartu ziren hainbat ezezagun bertokoak zirikatu, mehatxatu eta erasotzeko asmoz. Mungiako kasuan, Ricardo Sainz de Ynestrillas izango du abokatu erasotzaileetako batek. Guzti horiek, besteak beste, Aitor Zabaleta eta Anjel Berruetaren erailketen testuinguru berean kokatzen dituzte militante antifaxistek. Izan ere, Franco hil zenetik, Espainiar estatuan "inolako eboluziorik" eman ez delakoan daude: "gaizki deitutako trantsizioak eta demokraziak Uztailak 18 mugimenduaren eraberritzea baino ez dute ekarri. Horren adibide dugu Alderdien Legea: Estatuari erasotzen dioten taldeak baino ez ditu ilegaltzat jotzen, hau da, ezkerrekoak. Alderdi ultra-eskuindarrak, aldiz, lasai asko ari dira. PPk gobernatu zuen zortzi urtetan, Francisco Franco Fundazioak jaso zuen diru gehien; horrek dena esaten du, ezta? Falange ere popularren itzalpean hazi egin da berriro", azaldu dute.

Hain zuzen, guzti horien aurkako salaketa bideratzea (horren adibide bitakora) du helburu Sare Antifaxistak; "halabaina, inolako protagonismo asmorik gabe; elkarlana bultzatuz baizik". Ildo horretan, ugariak izan dira urtean zehar gauzatutako ekimenak: "ekimen faxisten atzetik egongo liratekeen" pertsonen identifikazioa, errotulu falanjistak kentzea, Ipar Irlandako horma irudien argazki erakusketa eta abar. Metro Bilbaoko zaindarien artean Falangeko kideak daudela ere salatu dute behin baino gehiagotan -Sopelako jaietan, besteak beste-. "Horrek ez du esan nahi metroko langileek jasaten dituzten erasoekin bat gatozenik, langileak diren aldetik euren eskubideen alde gaude. Beste kontu bat dira zaindari lanetan sartzen ari diren ultra-eskuindarren oldarraldiak", argitu dute. Bestalde, Uribe Kostan jarduten duten hainbat kide antifaxistaren ekimenez, eta Itzubaltzeta eta Udondo gaztetxeen laguntzarekin, orain gutxi sortutako "UK16 Uribe Kosta Antifaxista" aldizkaria begi onez ikusten dute.

Oroimena

Uribe Kostako korridorearen eraikuntza lanen eraginez suntsitutako gerra garaiko bunkerrak ere gogoan ditu Sare Antifaxistak. Hain zuzen, "faxismoaren aurkako gerrako" historia-ondarea babesteko, Sopela, Berango eta Getxoko Udalek zein Aldundiak "ezer gutxi" egin dutelakoan daude erakundeko kideek: "Oroimen historikoa gai deserosoa suertatu da buruzagi jelkideentzat. Gerra bizi izan zuten lagunak hiltzen doazen bitartean, gaia amaitutzat jo nahi izan dute behin eta berriro", diote. Ildo horretan, militaristak ez direla argitu dute Sare Antifaxistako lagunek: "Europako beste hainbat herrialdeetan, izandako gerren aztarnak gorde egiten dituzte, gertatu zenaren lekuko gisa. Hortxe dugu Auschwitz. Gurean, ordea, ukatu egiten digute, gertatutakoa ahaztera behartuz", azaldu dute. Oroimena zaintzeko bide horretan, gerra garaiko gudarien zein frankismoko biktimen omenezko ekitaldi ugarietan ere parte hartu du Sare Antifaxistak, Ahaztuak, Eusko Abertzale Ekintzak, CNTk... zein instituzioek antolatuak daudela: "antolatzaileekin ados egon ala ez, borrokan ariru zirenei sor diegu begirunea", adierazi dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun