San Lorentzo azokak 80 ekoizle inguru bilduko ditu bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abu. 9a, 20:57

San Lorentzo azoka ospatuko da ostiral honetan, abuztuak 10, Algortako San Nikolas, Biotz Alai eta Getxo Antzokiko plazetan. Guztira, ehun erakustokitan banaturiko 80 bat ekoizle bilduko ditu feriak, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Azoka goizeko 10etan irekiko da, arratsaldeko 14:30ean bukatzeko. Hala ere, jardunaldiari 22:00etan emango diote amaiera, Biotz Alai abesbatza algortarrak eskainiko duen ohiko kontzertuarekin. Goizean zehar, bisitariek euskal baserriko hainbat ekoizkin erosi ahal izango dituzte, hala nola, barazkiak, frutak, gaztak, pateak, ogia, pastelak, eztia, sagardoa, txakolina... Sendabelarrak eta lore apaingarriak eta artisautsa-kontserbak ere izango dira, besteak beste. Gainera, trikitilariek eta dultzaineroek giroa alaituko dute eta txosnetan txorizoa, sagardoa eta beste hainbat produktu dastatu ahal izango dira.

Eguerdia aldera, ekoizle askok nahitaezko hitzordua izango dute, Idiazabal jatorrizko gazta, barazki eta landareen ohiko lehiaketen eskutik. "Azokan aurkezten diren produktuen kalitatea eta aniztasuna dira ekimenaren ezaugarri nagusiak. Ildo honetan, mota honetako Bizkaiko azokarik garrantzitsuenetarikoa bihurtu da Algortakoa, eta horrela, baieztatzen du joan den urtean 19 milatik gora bisitari izatea.", gaineratu dute kultur iturriek. Aipatu bezala, jaieguna gaueko 22:00etan bukatuko da, Biotz Alai abesbatza algortarrak izen bera duen plazan eskainiko duen doako emanaldiarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun