Horrez gainera, legearen (gehienezko tasa, gidabaimenaren puntuak...), alkoholaren, eta, bereziki, pisuaren eta sexuaren arabera, alkohol-gramoak desagertzeko epeen ganeko informazioa eskainiko dute. Proba egiten dutenei Eusko Jaurlaritzak alkoholemia neurriekin prestaturiko erregelatxoa emango zaie. Izan ere, prebentzioaren eredua eta arriskuen eta kalteen murrizpena uztartu nahi dituzte. Honen harira, Koldo Iturbe Kultura zinegotziak bere aldetik, mezu hirukoitza zabaldu du jaiei begira. “Batetik, jendeak garraio publikoa erabil dezala; bestetik, tabernariei eta txosnetako zerbitzariei adin gabekoei alkoholik ez saltzea gogoratu; eta kanpainako kartel eta eranskinak ikusteko moduan ipintzea”, adierazi du.
Adingabekoak
Kanpainaren helburu nagusia da adingabekoen artean alkoholaren kontsumoa prebenitzea. Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak aditzera eman duenez “tabernetan eta jai-esparruetan, txosnetan, kontzertuetan eta antzekoetan alkohola saltzen edo hornitzen duten herritarren erantzunkizuna piztu nahi dugu.Adingabekoei alkoholik saltzen ez dieten pertsonei babesa eman, eta saltzen dietenei ez dutela egin behar gogorarazi nahi diegu”.
Kanpainaren oinarria kartel informatiboak dira, modu estrategikoan ipinitakoak, aipatutako lekuetan ezezik dendetan ere egongo direlarik ere. Kanpainaren leloa idatzita daramaten eranskinak ere banatuko dituzte tabernari eta zerbitzarien artean, aldean eraman ditzaten denok ikusteko moduan.