Ohi bezala, azoka 10:00etan hasi da baina, ordu hori baino lehenago, lehenengo bisitariek gain-begirada ematen hasi ziren eguneko lehenengo erakusketak egiteko asmotan. Handik ordubetera, publikoak azokaren hiru salmenta guneak bete egin zituzten: San Nikolas, Getxo Antzokia eta Biotz Alai abesbatza plazak, hain zuzen ere. Horrela, 14:00ak arte, etengabe egin dira salmentak. Bestalde, bertoko trikitilari taldeei eta aurten jarri diren hiru txosnei esker, jai giroa nagusi izan da azokan. Hau guztia, eta goizean izan den eguraldi ona ezinbestekoak izan dira giro itzela lortzeko.
Produktuen aniztasuna eta kalitatea izan dira aurten ere San Lorentzoko Azokaren ezaugarri nagusiak. Barazkiak, txerrikiak eta ahatekiak, lekaleak, txakolina, euskal pastela, tradiziozko okintza, gozokiak, landareak eta loreak, gaztak, eztia eta beste hainbeste produktuak egon dira salgai merkatuan. Ohikoa denez Euskal Herri osotik etorritako ekoizleek etorri dira Algortara bere salgaiekin.
Lehiaketak
Eguerdian ekoizle askok espero zuten momentua heldu da, epaimahaiak barazki, landare eta gazta lehiaketen emaitzak jakinarazi baititu. Aurten, barazki lehiaketan, Urdulizko Adela Andikoetxeak lortu du lehenengo saria, Barrikako Jose Ramon Intxaurtietaren eta Mª Angeles Andikoetxea bere ahizparen aurretik. Landare lehiaketari dagokionez, Urdulizko Maria Jesus Viteri izan da garaile. Larrondoko Emilio Mateosek eta Barakaldoko Enedina Madariagak eskuratu dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren. Azkenik, gazta lehiaketan, Ricardo Murias (Muskiz) atera da garaile, Amelia Jauregiren (Gabiria) eta Segundo Meaberen (Gujuli) aurretik. Gainera, aurten sari berezia eman zaio Getxoko barazki-ekoizlerik onenari, Jose Antonio Zabalari, hain zuzen ere.