Getxoko Udaltzaingoak Erandioko A.G.M. 26 urteko gaztea atxilotu zuen pasa den astearteko ordu txikietan, Arrigunagako hondartzaren ingurutik furgonetan zihoanean. Berarekin batera, S.G.F. Galdakaoko 21 urteko auzokidea ere atxilotu zuten. Izan ere, 3:45ak aldera, furgoneta gelditu zuten udaltzainek, barruan zihoazen bi pertsonen portaera "susmagarria" zelakoan iritzita. Getxoko Udaltzaingoak zabaldutakoaren harira, "furgonetan zihoazen bi gizonak oso urduri zeuden, eta eskuak eta arropak zikinak zeramatzaten. Horregatik udaltzainek ibilgailua miatu zuten, eta barruan eraikuntzako hainbat osagai eta tresna aurkitu zuten". Ondoren, tokiko poliziek baieztatu zuten osagai horiek eta tresneria ere Leioako Aldapabarrena kaleko obra batean lapurtutakoarekin bat egiten zuela. Udaltzainen arabera, bi akusatuek obra inguratzen duen hesia apurtu zuten, barruan zegoen materiala eramateko.