Ostegun honetan, hilak 16, Itzubaltzeta / Romoko gazte bat epaituko dute Durangoko auzitegian, pasa den larunbatean, Zornotzan, Sabin Euba "Pelopintxo" (argazkian) ETAren kide ohia zenari egindako omenaldiaren ostean Ertzaintzak atxilotu eta "ordena publikoaren aurkako falta" egitea leporatu ostean. Askatasuna errepresioaren aurkako erakundeak jakinarazi duenez, gazte itzubaltzetarra Sabin Eubaren omenez egindako elkarretaratzearen ondoren atxilotu zuen Ertzaintzak, Zornotzan. Antza denez, gaztea auto baten barruan zegoen ertzainak berarengana jo eta atxilotu zutenean, bi ordu beranduago aske uzteko. Egun horretan, Espainiako Auzitegi Nazionalak omenaldia debekatu izana salatzeko manifestazioa deitu zuten hainbat hiritarrek baina manifestazio hori Eusko Jaurlaritzak debekatu zuen Herrizaingo Sailaren bidez. Azkenean, 20 bat minutuko kontzentrazioa burutu zuten dozenaka ertzainen aurrean. Horren ostean, hainbat istilu izan ziren herrian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!