Ikerbasque Fundazioak EHUren Neurozientziak Sailean lan egiteko kontratatu zuen Koen Vandenbroeck ikerlari belgikarrak unibertsitateko ikerlari talde bat zuzenduko du eta bederatzi talde zientifikoen lanaren buru izango da. Talde zientifikoen egoitza dago Espainian, Frantzian, Alemanian, Herbehereetan eta Errusian. Proiektua deialdira aurkeztutako 900 egitasmoen artetik hautatu da eta 2,36 milioi euroko diru-laguntza jaso du, VII. Programa Marko europarraren bidez. Europako Batasuneko proiekturik asmo handikoena da, ikerketaren eta garapen teknologikoaren arloetan. Aurkeztutako 900 proiektuetatik 68 bakarrik onartu dituzte, finantzatuak izateko.
Europa osoko ikerketa taldeak Bilbon egin zuen atzo bere hasierako bilera, eta bere lanaren zati handi bat farmakogenomiaren arloan egingo du, informazio genetikoa sendagaiek pertsona bakoitzarengan dituzten ondorioak aztertzeko erabiltzen duen farmakologiako adarrean alegia, ahalik eta eraginkortasun handiena ahalik eta aurkako eragin gutxienekin lortzeko. Azken baten, helburua da "medikuntza pertsonalizatu baterantz" aurrera egitea, droga bakoitza eta horien konbinazioak gaixo bakoitzak duen genetika partikularrera moldatu daitezen.
2.000 lagineko datu-basea
Farmakogenomiaren arloan aurrera egiteko asmoz, UEPHA-MS partzuergoak -EHUtik kudeatutako hamar ikerkuntza taldek osatzen dute partzuergoa- datu-base genetiko batean bilduko du esklerosi anizkoitza duten 2.000 gaixoen odol laginak. Partzuergoa osatzen dute EHU buru duten hamar ikerketa taldek. Gaixotasun horren ikerketa bioinformatikoan inoiz erabili ez den zifra da eta ondorio garrantzitsuak lortzea espero da. Sare horrek zeregin garrantzitsua beteko du, baita ere ikertzaile gazteak "medikuntza pertsonalizatua" eremu berrian prestatzeari dagokionez. UEPHA-MS -ingelesezko sigla hauek esan nahi hau dute europar batuak farmakogenomia garatzeko esklerosi anizkoitzean- sarearen partaideek sinergia interesgarriak lortuko dituztelakoan daude, lan koordinatua eta diziplina anitzekoa egingo dutelako: neurologia, genetika, proteinen azterketa edo bio informatika espezialitateak, besteak beste.
Halaber, prestakuntza plataforma berritzaile bat eskainiko du ikerlari gazteentzat, eta hor sartzen dira udako ikastaroak, sareko kideen laborategietan egonaldi laburrak eta luzeak. Helburua diziplina anitzeko ikuspuntua izango duten zientzialarien belaunaldi berria bultzatzea da, Europak "medikuntza pertsonalizatuaren" alde eginiko apustuak dakartzan erronka itzelei aurre egiteko. EHUz gain, sarea osatzen dute Nafarroako Unibertsitateak, Vall d"Hebron ospitaleak, Alemaniako Hamburgo-Eppendorf, Rostock eta Berlin unibertsitateek, Toulouseko Fisiopatologia Zentroak, Rotterdameko Erasmus Medikuntza Eskolak eta Errusiako Ikerketa Genetikorako Institutuak. Elkartutako enpresa pribatu bakarra Progenika Biopharma da. Egoitza Bizkaiko Parke Teknologikoan du eta gaixotasunak diagnostikatzeko DNA txipak garatzen eta fabrikatzen espezializatua dago.
UEPHA-MS sarea inauguratzeko bilera gaur egin da Bilbon, EHUren Zazpi Kaleetako egoitzan. Koen Vandenbroeck-ekin batera, ekimenaren aurkezpenean egon dira Miguel Angel Gutierrez EHUko Ikerketa errektoreordea eta Mari Carmen Gallastegi Ikerbasqueko presidente exekutiboa. Bilbon, baita ere, konferentzia zientifiko garrantzitsu bat burutuko da. Konferentzia horren bidez, proiektuari amaiera emango zaio, 2012an, eta ateratako ondorioak komunitate zientifiko guztiari azalduko zaizkie.
Vandenbroeck
Koen Vandenbroeck, proiektuaren bultzatzailea eta sare guztiaren koordinatzailea, iaz kontratatu zuen Ikerbasque Fundazioak, nazioarteko zientzialari adimentsuak euskal ikertzaile taldeentzat erakartzeko kanpaina baten babesean. Vandenbroeck belgikarra biologia molekularrean aditua da. Lehen, Belfasteko Queen"s Universityn egiten zuen lan eta, orain, EHUko Medikuntza Fakultateko Neurozientziak Sailean dago, Sailak Zamudioko Parke Teknologikoan dituen bulegoetara hain zuzen, eta hor bere laborategia instalatu du, botiken tratamenduak eta gaixotasun arraroen eta auto-immuneen botikak eta genetika ikertzeko. Zuzentzen duen taldearen asmoa da ikerlari gazte adimentsuak erakartzea eta UEPHA-MS sareak berak nazioarteko deialdi bat egin du horretarako.
Esklerosi anizkoitza gaixotasunak nerbio sistema zentrala balio ez duela uzten du eta horretarako ez dago erabateko sendabiderik. Beren bizitzaren mutur "ekonomikoan" dauden emakume gazteei eragiten die batez ere (gaixotasuna 20-40 urte bitartean agertzen da) eta bere ondorioak beldurgarriak izan daitezke, eremu profesionalean, bai eremu familiarrean eta pertsonalean. Gazteetan ezgaitasuna dakarren bigarren arrazoia da, trafiko istripuen ondoren. Gaixotasun kroniko bat da; bizi kalitatea mugatzen du eta eragin sozial handia du. Gazte eta helduetan, gaixotasun neurologiko ohikoena da eta, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, 2.000 gaixo inguruk jasaten dute. Estatuan 40.000 gaixo daudela uste da eta Europa osoan, berriz, 400.000. Espainian, zortzi ordu bakoitzeko kasu berri bat diagnostikatzen da.