Ander Deunan izandako ume palestinarrak eta Nuyum elkarteko kide bat atxilotu ditu Israelgo Poliziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abu. 28a, 13:07

Israelgo Poliziak Eneko Calle Sopelako Nuyum Sahararekiko elkartasun elkartearen kide getxoztarra hainbat orduz atxilotu, biluzarazi eta galdekatu zuen atzo Jordania eta Israelgo mugan. Era berean, Callerekin zihoazen 50 bat ume palestinarrak eta Paz Ahora EGKren bi kide eta Bakerako Oporrak 2007 kanpainako begirale bat ere atxilo izan zituzten. Calle eta beste hiru kooperanteak Sopelako Ander Deuna ikastolan hainbat aste oporretan eta jolasean eman dituzten 15 gaztetxoak eta beste 35 bat ume palestinar beren etxeetara laguntzera joan ziren Palestinara. Atxiloketa Jordania eta Israelek okupatutako Zisjordania lotzen dituen Hussein erregearen zubian (Allenby izenekoa israeldarrentzat) egin dute umeak eta kooperanteak mugan hainbat orduz itxaroten eduki ostean. Askatu ondoren Calle bera aritu zen solas labur batean, sakeleko telefonoa kendu arte, Radio Euskadiko kazetariekin eta haiei eman zien galdeketa eta biluztearen berri. Gainera, Israelen edo Palestinaren alde ote dagoen ere galdetu ziotela salatu zuen. UKBERRI.NETek jakin izan duenez, Calle ez da Israelgo Poliziak atxilotu duen lehenengo kooperante getxoztarra. Anonimatoan gelditzea nahiago izan duen kidea biluztu, flexioak eginarazi eta galdekatu zuten, "zure lagun palestinarrei bezala". Gainera, askatzeko baldintza gisa "tratu ezin hobea" jaso egin zuela zioen dokumentua sinatzen behartu zuten. Argazkian, ume palestinarrak Sopelako udaletxean.

Bestalde, Sopelako Ezker Batuak Berdeak bere "elkartasuna eta begikotasuna" agertu die Eneko Calle eta bidaia kideei eta "herri palestinarrak pairatzen duen zapalkuntza egoera" salatu du. Alderdi federalistak nabarmendu du umeak izatea alderdirik txarrena eramaten dutenak eta gogoan izan du oporrak hastean umeek arazoak izan zituztela Palestinatik irteteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun