Papis (argazkian) eta Asier Amo "Volumen Brutal" saioko esatariek iragarri dutenez, gaur gauean eta ez ohiko ordutegian eskainiko dute aurtengo azken irratsaioa. Pasa den uztailaren 10ean hasi zen hirugarren urtez
Gorliz irratiaren (107.8 FM) udako heavy saioa, baina uda igaro ahala lantaldeari gauzak gero eta gehiago desbideratu zaizkio. Asteartero 19:00ak eta 21:00ak bitarteko hutsunea estali behar zuten doinu heavy metalak eta rock&roll klasikoak hiru astez entzun ziren, baina laugarren astean, San Inazioren eguna zela eta, esatari heavyek bertan bera utzi zuten saioa "erabat erlijiosoak diren arrazoiengatik" eta "errezo, hausnarketa eta otoitzara bideratutako eguna" zelako. Hurrengo hitzorduan, lokutoreek irratiko giltzak ahazteagatik entzuleek berriro ere galdu zuten "Volumen Brutal"eko asteroko dosia, abuztuaren 14an bezala, kasu honetan esatariak kanpoan egoteagatik. Abuztuaren 21ean, berriz, Bilboko Aste Nagusia eta lan kontuak zirela medio, heavy doinuak mutu izan ziren Gorliz irratian. Gaur, "Jaungoikoak nahi badu eta inork ez badu ekidingo" "Volumen Brutal" entzungo da azken aldiz aurtengo udan. Hori bai, bi ordu beranduago "agenda arazoengatik". Bestalde, pasa den abuztuaren 20an, "El Faro" magazina estreinatu zen. Beatriz Ocampok gidatuta astelehenero 20:00etatik 21:00etara albisteak, musika, kirolak, elkarrizketak eta entzuleen iritziak entzun ahal izango dira Gorliz irratian.