Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilo hartu zuen Plentzian pasa den asteartean, hainbat pertsona 20 zentimetroko aizto baten bidez mehatxatu egin zuelakoan. Atxiloketa gaueko 11ak aldera izan zen, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenaren arabera. Gertaera Plentziako jatetxe batean hasi zen eta bertan, sukaldeko aizto handi bat ostu eta gero, gizonezko batek establezimendu horretako zenbait bezero mehatxatu zuen, ondoren bertatik alde egiteko. Handik minutu batzuetara taberna batean sartu zen eta emakume bati hurbildu zitzaion, hura erretzen ari zen zigarroari zupada bat ematen utz ziezaion eskatzeko. Emakumearen ezetza jaso ostean, gizonezkoak mehatxu egin zion aiztoaz eta joan egin zen. Ertzaintzaren arabera, jazotakoa ikusi zuten lekuko batzuek larrialdietarako telefonoaren bidez eman zuten gertatutakoaren berri eta handik gutxira Polizia autonomikoak patruila-auto bat bidali zuen zonaldera. Bertaratutako ertzainek lekuko batzuekin hitz egindakoan, inguruetan aurkitu, identifikatu eta miatu zuten mehatxuen ustezko egilea, soinean 20 bat zentimetroko aizto bat zeramana, jatetxean ostutakoa omen zena. Hori dela eta, atxilotu eta Getxoko Ertzainetxera eraman zuten, arma zuri batez mehatxu delitua egin izana egotzita.