Espainiako bandera balkoietan jartzeko mozioa udaletara eramango du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abu. 30a, 14:30

Alderdi Popularrak atzo zabaldu zuenez, gaur egun Espainiako bandera jarrita ez daukaten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan eta Batzar Nagusietan Estatuko entseina eskegi dezaten mozioa aurkeztuko du laster. Izan ere, datorren astean Maria San Gilek zuzentzen duen alderdi konstituzionalaren EAEko Batzorde Exekutiboak erabakiko du mozioen testu zehatza, Regina Otaola Udal Politikarako arduradunaren (eta Alderdien Legeari esker, Lizartzako alkatea) lanak ezagutu ostean. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, bederatzi udaletan aurkeztu ahal izango dute testua popularrek Lemoizen ez baitaukate ordezkaritzarik. Dena den, Getxon ez ezik mozioa onartua izateko aukera gutxi ditu, eta kasu horretan ere PSE-EEren babesa behar izango luke. Espainiako banderari buruzko hika-mika mendeak baditu ere, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki argitaratutako epaia eta Bilboko Aste Nagusiko ostiralean urtero legez Iñaki Azkunak Espainiako entseina minutu batzuk atera izana dira PPren ofentsiba eragin ei dutenak. Argazkian, Espainiako soldaduek bandera jartzen Leila (Perejil) irlan / redpublicacipolitana.mforos.com

Proposatutako mozioa defendatzen, atzo Alfonso Basagoiti Bilboko zinegotzia eta Bizkaiko popularren presidenteak esan zuen Auzitegi "Gorenaren epaiaren ostean" ez dela "normala Espainiako bandera euskal udaletan ez izatea. Badaude ez amorratzearen ergelkeriagatik jartzen ez dutenak. Planteamendu horren arabera nazionalistak ez garenok gure lurra utzi beharko genuke nazionalismo erradikal eta gogorra bere onetik ez ateratzeko. Badaude ere sektarismo nazionalistarengandik Espainiaren zatia den Euskadi baten historia eta errealitatea ukatuz bere utopian aurrera egiten dutenak".

"EAJ baino euskotarragoa"

Basagoitiren aburuz, "Espainiako bandera EAJ baino euskotarragoa da, 1865ean bere fundatzailea jaio baino lehen nazio entseina dagoeneko hemen zegoelako normaltasun osoz. Bilboko itsasadarrak edo Pagasarrik Espainiako bandera ikusten zuten 1843an Sabino Arana ikurriña marrazten jartzeari ekin baino lehen". Bere ustez, gaineratu zuenez, "entseina nazionalak Konstituzioa eta elkar ulertzea esan nahi ditu".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun