Laura Mintegi: "perbertsoa da kultur politika"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abu. 30a, 15:02

Ez egin hozkarik jaten ematen duen eskuari, dio esaerak. Baina tamainakoaren aurrean, ezin gelditu isilik. Politikariek ez dute lotsa izpirik ala? Aste honetan EAJk eztabaidatuko du barne-txostena, eta horren arabera jokatuko du hurrengo urteetan. Txostenaren zati batek "Euskal Kultura eta Kultur Politika (.doc)" izena darama. Prentsan irakurritakoaren arabera, 68 orriko lanean honelakoak irakur daitezke: "Euskal kulturak une kritikoa eta korapilatsua bizi du" eta "aldaketa estrategikoa" proposatzen da, kultura «krisiak jota" dagoelako. Datozen erronkei eusteko, "kultur enpresa sendoak, egoki finantzatuak eta teknologia aldetik bezala kokatuak" behar dira, eta honetarako (adi!) "errepide eta azpiegituretan urtero xahutzen den dirutzaren zatitxo bat nahikoa izango litzateke". Eta esan egiten dute!

Txostena polita, baina ez dut sinesten. Aurrez aurre daukat 2004an onartu zen Kulturaren Euskal Plana eta bertako ardatz estrategikoaren xede orokorretan esaten da "euskal kulturaren sorkuntza nazioartean zabaldu eta kultura hori munduan zeharreko merkatuetara hedatu" behar dela. Eta "lehentasunezko jarduera-ildoa" da "Euskal Herriko kultur proposamenak Europan zehar zein nazioartean hedatzeko neurriak hartu (...) laguntzak finkatu (...) eta erakundeak edo sareak sortu edo sustatu".

Hiru urte hauetan hori guztia eta hori baino ez du egin gure elkarteak, PEN taldeak. Hiru urte hauetan zortzi aldiz eman eta bederatzi aldiz ukatu digute laguntza, azkenengoz joan den hilean. Webgunerako 2.260 euro eskatu genituen.

Kalkulua eginda, errepide horietako sei farolen prezioarekin urtebetez mantenduko genuke webgunea, milaka bisita jasotzen duena mundu osoko PEN taldeen eta idazleenak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak taxietan (taxiak, ez diot hegazkin-txartelak, hotelak edo jatetxeak) gastatzen duenarekin, elkartearen urte osoko aurrekontua beteko genuke, lasai asko.

Diru-laguntzen sistema perbertsoa da. Kopuru bat ezartzen da aurretik jakin gabe zeintzuk diren beharrizanak kulturaren eremuan. Kopurua banatu egiten da eskaeren artean: eskaera asko, orduan talde gutxiagori diru gutxiago. Iaz proiektu interesgarria zena aurten laguntzarik gabe gera daiteke, eskaera gehiago egon delako. Irizpidea ez da kultura bera, baizik eta zenbat diru geratzen den beste arloetatik soberan. Gero diote kultura krisian dagoela. Barka, krisian dago banatzaileen irizpide maltzurra, zitala eta perbertsoa, ez sortzaileen eremua. Kultura bizi-bizirik dago, emankor. Hori bai, ekonomikoki itota.

Galdera da, idazten dutena sinesten dute? Areago, idazten dutena irakurtzen dute? Zalantza dut, lehenik eta behin politikari gehienak analfabetoak direlako. Askok ez dakite bertako hizkuntza, eta dakiten gehienek ez dute irakurtzen.

Anekdota txikia. Ekitaldi publiko batean ahaldun nagusiak agurtu behar ninduen anfitrioia zelako. Nire "éxitos deportivos"engatik zoriondu ninduen. Zalantzan zegoen Edurne Pasaban, Josune Bereziartua edo Joane Somarriba ote nintzen.

Laura Mintegi idazleak gaur "
Gara" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun