Etorkizunean, ikusi ahal izango ditugu Jon Maia, Aran Santamaria, Inazio Tolosa, Jon Manzisidor, Imanol Manterola eta Domentx Uzin noiz edo noiz, non edo non... baina bitartean entzuteko aukera izango da "Karidadeko Benta", "Amore, amore" eta "San Quirico" diskoetan utzitako kanten bidez, CDei zein aMuleri esker...
Karidadeko Bentaren azken kontzertuaz gain, Areetako Xake plazan 21:30etik aurrera, 17 Hippies taldeak jarraituko du jaialdiarekin. Alemaniako talde horrek Ekialdeko Europako tradiziozko soinuak eta pop eta rock erritmoak uztartzen ditu, Berlineko 80eko hamarkadako giro musikala berpizteko asmoz. Halaber, beste hainbat doinu ere erabiltzen ditu taldeak: chanson frantziarra edo polka, besteak beste. Horiek erabilita, eskarmentu handiko 13 musikariz osatutako bandak bere aniztasun erritmikoa gehitzen du. Alemaniarrek amaitu ondoren, 23:15ak inguru, Munduko Terrazan (Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan berriro ere) gaueko kontzertua egingo da Kataluniako Amanida Folk-en eskutik.
Osteguna
Bigarren egunean, Cherish The Ladies emakumezko taldeak hartuko du lekukoa. Azken 20 urteotan, Mick Moloney musikari ospetsuak bultzatutako boskotea folk musikaren panoraman nabarmendu da, taldekideen birtuosismoa dela eta. Munduko txoko guztietara eraman dituzte erritmo zeltak eta maila handiko talde eta artistekin aritu dira, esate baterako, Joan Baezekin eta The Chieftainsekin. Halaber, bere jardueran, Cherish The Ladiesek hainbat sari lortu ditu eta horien artean BBCk Urteko Talderik Onenari emandakoa azpimarratu behar da.
Ostirala
Jaialdiaren erdialdean, irailaren 7an, Maliko Toumani Diabaté musikaria jardungo da Getxon, Orchestra Symetric taldeak lagunduta. Kora-jolerik onena omen da Diabaté eta bere herriko instrumentu horren doinuak munduan zehar zabaldu ditu. Azken urteotan artista maliarrak Afrikako musika berritzeko apustua egin du, horren nortasuna galdu gabe. Asmo hori abiapuntu hartuta, Symetric Orchestra sortu zuen, Afrikako mendebaldeko zenbait herritako 14 musikariz osatutako taldea, hain zuzen. Talde horrek tradiziozko eta gaur egungo instrumentuak erabiltzen ditu eta bere lanak etekinak lortu ditu, 2007 Grammy Sarietarako izendatua izan da eta.
Larunbata
Azken egunean, irailaren 8an, Dulsori talde korearrak itxiko du jaialdia. Asiako talde horrek 1984. urtean hasi zuen bere jarduera eta bere kontzertuetan Koreako tradiziozko perkusioa hartu du ardatz nagusi. Horrekin batera, publikoarekiko elkarrekintza funtsezko ezaugarri du. Zuzeneko saioek, indar handikoek eta biziek, nabarmendu egin dute taldea Munduko Musiketako panoraman eta haren jarduera bultzatu dute mundu osoan.
Bestelako saioak
Bestalde, arratsaldeko kontzertuek euren filosofiarekin jarraituko dute, hau da, nazioartean famatuak ez izan arren, kalitate handia duten taldeei ateak irekiko dizkie. Aurten, hainbat talderen musikaz gozatzeko aukera izango da: aipatutako Karidadeko Benta euskal taldearen azken agurra, Tenochtitlan mariachiren erritmo mexikarrak, Guafa Tríoren musika kolonbiarra eta, azkenik, Calamento talde kataluniarraren proposamen musikala. Eta gauean, Munduko Terrazan, hurbilagoko erritmoez gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak: aurten honako talde eta artista hauek jardungo dira bertan: Amanida Folk (Katalunia), Djamel Laroussi (Aljeria), Lou Dalfin (Okzitania-Italia) eta Moleque de Rua (Brasil).
Jarduera osagarriak
Jarduera osagarriei dagokienez, ikus-entzuleek Bidezko Merkatua bisitatu ahal izango dute, ekimen honen bidez Ipar eta Hegoaren arteko bidezko merkataritza sustatzen da, eta hainbat GKErekin batera antolatuta egongo da. Bestaldetik, jatorri anitzeko artisau produktuak Munduko Merkatura itzuliko dira Koan Elkarteari esker. Bestalde, aurten ere beste herrialde eta kultura batzuetako gastronomiak ere bere lekua izango du Munduko Terrazan, ekimen hau Euskadiko Munduko Medikuak erakundearen eskutik burutuko da. Azkenik gaztetxoentzako jarduerak ere izango dira jaialdian: tailerrak eta ludoteka bat, besteak beste. Azkenik, aurten ere kale-bandak ariko dira jaialdian. Lau egunetan zehar, Eskoziako, Frantziako, Alemaniako eta Mexikoko taldeak Getxoko kaleak alaituko dute beren desfileetan.